Archives

08/03/2016

EAJ-PNVk barne esparrua eratuko du Alderdiaren barruan berdintasuna bultzatzeko eta sustatzeko, emakume eta gizonen artean partekatuko diren jarduketen bidez

EAJren berrogeita hamar barne kargu eta erakundeetako ordezkari Sabin Etxean batzartu dira gaur goizean Emakumearen Nazioarteko Egunaren kariaz egin den lan jardunaldian. Bilera honen bidez erakutsi nahi izan dute genero bien arteko berdintasuna lortzeko urrats sendoak ematen jarraitzeko duten borondatea.

rss Ezagutzera eman

TELECHARGER LA PHOTO

TELECHARGER VIDEO

PARTAGER LA VIDEO

EAJ-PNVk Emakumeen Nazioarteko Eguna aukeratu dute alderdiaren barruan berdintasunerako etapa berrirako abiapuntua jartzeko, argi izanik, XXI. mendean ere, genero desberdintasuna euskal emakume eta gizonen artean giza eskubide guztiekiko errespetua urratzen eta gure gizartean desoreka sozial eta ekonomikoak betikotzen dituen eragozpena dela. Hori dela eta, emakume eta gizonen arteko berdintasuna, giza eskubideaz gain, giza garapenerako, Euskadiko garapen sozial eta ekonomikorako ezinbesteko faktorea dela aitortuz eta aldarrikatuz, eta orain arte eginiko bideari jarraipena emanez, Alderdiak lan jardunaldia egin du gaur zeinetan berrogeita hamar bat herri kargudun eta barne kargudunek parte hartu duten.Bilera honek balio izan du EAJ-PNVk berdintasun alorrean etorkizunera begira aldeztuko dituen oinarriak ezartzeko. Talde jeltzaleak iragarri du barne erakunde bat eratuko dela emakumeek Alderdi barruan berdintasuna bultzatzeko eta sustatzeko egiturak, ohiturak eta tresnak planteatu, eztabaidatu eta ezarri ditzaten, emakume eta gizonek partekatuko dituzten jarduketen bidez.

Ekimen hau antolatu eta burutu da Aberri eta Herrialde mailako exekutiba berriak aukeratu diren testuinguru berean.Berrikuntza hau izan da aldi berrian berdintasunerako eman den urrats garrantzitsuenetakoa, Bizkaian, esate baterako, Herrialde Exekutiba gizon baino emakume gehiagok osatzen dutelako (8 emakume eta 5 gizon) eta gainerakoetan ere emakumearen egiteko eta funtzioa beharrezkoa eta lehenetsi beharrekoa dela aldarrikatu delako. Zentzu berean azpimarratu behar da gaurkoa aurrerantzean egingo diren “ekimen askoren lehena” izango dela “berdintasuna ez baita soilik martxoaren 8ko kontua. Gure nortasunean grabatu behar dugun zerbait da eta konbentzituta gaude EAJ-PNVk asko eman dezakeela zentzu honetan eta gizarte osoaren onerako” esan du Mireia Zaratek, EBBren Idazkari eta Berdintasun gaietarako burukideak.

Gaur goizeko batzarrean bildu dira Sabin Etxean Andoni Ortuzar EBBren presidentea; Mireia Zarate, EBBren Idazkari eta Berdintasun alorreko burukide arduraduna; Itxaso Atutxa, BBBren presidentea; Miren Araneta, BBBren  barruan Berdintasun gaietarako arduraduna; Jone Berriozabal, ABBren burukidea eta Diana Gonzalez Bizkaiko EGiren arduraduna. Beraiekin batera izan dira erakundeetako herri kargudun jeltzaleak, besteak beste, Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko presidentea; Ana Otadui eta Eider Mendoza, hurrenez hurren Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak; Izaskun Moyua, Arabako Batzar Nagusietan Talde Jeltzalearen bozeramailea; Unai Rementeria, Bizkaiko Ahaldun Nagusia; Pilar García de Salazar, Arabako Diputatu Nagusiorde eta Garapen Ekonomikorako eta Lurraldearen Orekarako Diputatua; Juan María Aburto eta Gorka Urtaran, Bilbo eta Gasteizeko alkateak; Ibon Uribe, Galdakaoko alkate eta CMRE (Europako Udal eta Erregiooen Kontseilua) taldeko Berdintasun Batzordeko presidentea; Iñigo Iturrate, Eusko Legebiltzarraren Mahaiko kidea eta Eusko Jaurlaritzako, Senatuko, Kongresuko eta hainbat alkatetzetako ordezkariak.

Berrogeita hamar parte hartzaileei galdeketa bat egin zaie eta hori betetzen eta eztabaidatzen aritu dira ondorengo ordu eta erdiko bileran. Ekitaldia amaituta, 5 mahaietako ordezkariek ekarpen eta iradokizunak jaso dituzte. Ekarpen horiek guztiak aztertuko ditu EBBk hurrengo asteotan. Ekitaldia amaitzeko orduan EAJ-PNVren alderdikideek adierazpen instituzionala irakurri dute, gaur eginiko lanaren ondorio, hori ere. Agiria irakurri dute Bakartxo Tejeria, Diana González, Ibon Uribe eta Mireia Zarate euskaraz, eta Iñigo Iturrate, Itxaso Atutxa eta Andoni Ortuzar gazteleraz.

Bilkura berean eman dira ezagutzera EAJ-PNVk hurrengo urteotarako hartu dituen konpromisoak. Alderdiak urrats sendoak emango ditu emakume eta gizonen arteko berdintasunerako bidean, aurrera egiten lagunduko dion balore aldaketa sustatuz; era berean aldaketa bultzatzen saiatuko da politikagintzan nagusitzen den eredua gizonen botere eta lidergoan oinarrituta egon ez dadin; emakumeen kontrako indarkeria salatuko du, genero desberdintasunaren adierazpenik bortitzena delakoan. Azkenik jakinarazi dute EAJ-PNVren baitan barne esparrua eratuko dela emakumeek Alderdi barruan berdintasuna bultzatzeko eta sustatzeko egiturak, ohiturak eta tresnak planteatu, eztabaidatu eta ezarri ditzaten emakume eta gizonek partekatuko dituzten jarduketen bidez.

Points de Vente
Elections législatives des 11 et 18 Juin 2017 - Télécharger les programmes

Les Démocrates Basques
Aberri Eguna 2017