Artxibak

2025/11/20

Imanol Pradales: “Europan estatu-ikuspegitik haratago doan lidergoa behar dugu”

Imanol Pradales Lehendakaria Catherine Chabaud Frantziako Gobernuko Itsasoko eta Arrantzako ministroarekin bildu da atzo goizean Parisen. Bezperan Pariseko Sciences Po-ko ikasleen aintzinean, maila anitzetako Europar gobernantza aldarrikatu du.

rss Ezagutzera eman
Imanol Pradales: “Europan estatu-ikuspegitik haratago doan lidergoa behar dugu”

ARGAZKIA JAITSI

Lehendakariak Estatu kideek Atlantikoko Makroeskualdea Europako Kontseiluaren barnean onar dezatela galdegin du.

Imanol Pradalesek Chabaudi adierazi dio oso garrantzitsua dela bi gobernuen arteko koordinazioa arina izatea. Hala, Euskadik Makroeskualdearekin duen apustua azpimarratu du, eta "Europako periferian ez egotearen" garrantzia azpimarratu du. Horri dagokionez, Kontseilu Europarrean estatu kideek Makroeskualde Atlantikoa onartzea defendatu du. "Frantziaren konpromisoa horrelako bilerekin lortzen ari gara", nabarmendu du, eta "helburu hori lortzeko oso bide onean goaz". 

Parisen, EBerako maila anitzeko benetako gobernantza aldarrikatu du Lehendakariak, elkarrekin akordioak lortzeko politikan eta ekonomian

Azaroaren 18an, Imanol Pradales Lehendakariak Europan gidaritza berria lortu behar dela adierazi du, “estatu ikuspegietatik haratago”, erakundeei “gaitasun politiko handiagoak” emateko, esate baterako, Eusko Jaurlaritzari, herritarren arazoak kudeatzeko eragile nagusia den heinean.

“Beharrezkoa da lidergo europar berri eta sendoago bat. Estatu ikuspegitik haratago doan lidergo bat, Europan jarduten duena, ez estatuetan bakarrik. Erronka globalei, populismoei, estremismoei, demokraziaren aurkako mehatxuei emandako erantzunak ez du isolamendua izan behar. Guztiz kontrakoa izan behar du: Europa gehiago, demokrazia gehiago, elkartasun gehiago, ongizate gehiago”, azaldu du Lehendakariak. Ildo beretik, gaineratu du, hain justu ere, honelako egoeretan, herritarrei enpatiaz, hurbiltasunez eta efikaziaz erantzun behar zaiela. Horregatik, Lehendakariaren ahotan, “beharrezkoa da gaitasun politiko gehiago eskaintzea herritarrekin harremanetan lehen lerroan gaudenoi”. “Benetako autonomia estrategikoak autonomia politikoa eskatzen du”, nabarmendu du.

Lehendakariak gaur goizean Euskadi in the face of a changing world order izenburupean hitzaldia eskaini du Pariseko School of International Affairs Sciences Po erakundean (Sciences Po Paris), hau da, Frantziako eta Europako unibertsitate instituziorik ospetsuenetako batean. Arancha González Laya Espainiako Kanpo Harremanen ministro ohi eta aipatutako erakundeko egungo dekanoak moderatzaile-lanak egin ditu, eta Imanol Pradalesek, ehun pertsona inguruko edukieraren aurrean adierazi du historian zehar “bokazioz eta konbikzioz, Euskadi Europaren aldeko Nazio bat dela” erakutsi duela euskal gizarteak eta ekarpen propioa egin nahi duela Europar Batasunaren sorrerako printzipioei laguntzeko. “Bultzada politiko berria behar dugu, orain arte baino Europa ausartagoa eta batuagoa”. Hari beretik tiraka, gogora ekarri duenez, “borondate politikoa edukita, edozer lor daiteke”.

" Estado klub" soil batetara ezin da mugatu Europa" 

“Ados nago, Europar Batasunaren kohesio-politika berrikusi eta hobetu behar da, baina ez nago inola ere ados Batzordeak aurkeztu duen moduan finantza esparru berriaren erabakitzeko gaitasuna hiriburuen eskumena soilik izatearekin. Behar-beharrezkoa da maila anitzeko gobernantza bat ezartzea, elkarrekin adostasunak lortzeko, politikan eta finantzetan”, defendatu du Imanol Pradalesek.

Lehendakariaren ustez, Europa ezin da ‘Estatuen club’ hutsa izan eta aurrean jartzen zaion edozein erronkari erantzun behar dio, arazoaren neurria gorabehera. “Jarrera sendo eta koherentea ez izateak kalte egiten dio egitasmoaren sinesgarritasunari. Adibide garbi bat ipintzearren, Gazako giza basakeriari emandako erantzuna”, azpimarratu du Imanol Pradalesek.

"Ahobatezkotasunaren araudia gainditu behar dugu"

Lehendakariaren aburuz, “ekiteko garaia da, eta horretarako ezinbestekoa da lehentasunak garbi edukitzea”, baita autonomia estrategikoaren esparruan ere, honakoei dagokienez: lehiakortasuna, merkatuen integrazioa −non, bere ustez, oraindik administrazio eta burokrazia hesiak dauden, berrikuntzan eta jarduera ekonomikoak sortzen efikazagoak izatea oztopatzen dutenak− eta gobernantza. “Europar Batasunean aho batekotasunaren araua gainditu behar dugu. Askotan, ekimenak modu berekoian blokeatzeko erabiltzen da. Arau horrek erabakiak hartzea oztopatzen du eta horren erruz Europar Batasunak ezin du nazioarteko lidergoa garatu”, defendatu du.

Bukatzeko, Lehendakariak elkarrizketa politikoa bultzatu behar dela adierazi du, instituzioei prestigioa eman, gizartea heldutzat hartu eta akordioaren kultura sustatu, “politika egiteko benetako arrazoia”. “Politika gehiago ‘antipolitikari’ aurre egiteko. Begirunea, parte-hartzea, gardentasuna eta lankidetza. Lubakien, irainen eta etengabeko liskarren aurka. Gure ardura da egonkortasuna, elkarrizketa eta desberdinen arteko adostasuna indartuko dituen kultura ereitea, politikaren benetako zentzua sustatzea: desberdin pentsatzen dutenekin itunak lortzeko gogoa”, bukatu du Imanol Pradalesek.

Argazkian : Imanol Pradales lehendakari jauna, Catherine Chabaud, ministroarekin

 

Iturria : Irekia, Eusko Jaurlaritzaren atea

1 : https://www.irekia.euskadi.eus/eu/news/106247-imanol-pradales-hoy-abre-una-puerta-nuevo-espacio-relaciones-cooperacion-euskadi-francia

 2. : https://www.irekia.euskadi.eus/eu/news/106206-imanol-pradales-necesario-nuevo-liderazgo-europeo-que-supere-las-visiones-estatales

Europako Alderdi Demokrataren 2024ko Hauteskunde Manifestua
DEMOCRATS - Europako Alderdi Demokrata
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!