Artxibak
2014/03/22
Txaro Goikolea: “EAJ-PNBk esparru politiko zehatza du eta beldurrik gabe ekin behar diogu"
Txaro Goikolea Mintegia, Gernikarra da jaiotzez, duela hainbat urtetik hona Lapurdiko Angelun bizi den arren. 2008 urte amaieran Ipar Buru Batzarreko presidente izan zen aukeratua, EAJ-PNBk Iparraldean duen Herrialde exekutibako buru,hain zuzen
Orduz geroztik bere helburu nagusienetakoa da inguru hartan Euzko Alderdi Jeltzalearen hazia ereitea eta sortzen hasiak diren fruituak batzen hastea. Lan horren ondorio da hain zuzen, bihar, martxoak 23, Iparraldean egingo diren udal hauteskundeetan 24 hautagai aurkeztu ahal izan direla Iparraldeko 16 udalerritan. Gaur, inoiz baino ausartago sentitzen dela esan du "Iñaki Azkuna gure kidearen heriotzak bultzatzen nau indartsuago egotera eta bere eredu bikainari jarraitzera".
Zer balantze egiten duzu orain arte Ipar Buru Batzarreko presidente izendatu zintuztenez geroztik?
Balantzea oso ona izan da. Une honetan egiten ari garena da orain arte egin zenarekin jarraitzea. Bigarren aldia da kargu honetan nagoena eta benetan uste dut Iparraldearentzat oso garrantzitsua dela. Hauteskundeetara aurkeztu gara, Europar Hauteskundeetara ere aurkeztera animatu gara. Abentura zen, bai, baina egiteko momentu aproposa izan da, ondo neurtu dugun arriskua da. Hortik aurrera, Herrialde Buru Batzarrak erabaki zuen Alderdiak hauteskunde guztietan egon behar zuela. Guretzat zaila da, baina egin egin behar dugu eta egiten ari gara. EAJ-PNBrentzat oso oso garrantzitsua da Alderdia hauteskunde guztietan egotea, gure Alderdia hemen ikusgarria izan dadin, hori baita benetan behar duguna. Bide hori egiten jarraitu behar dugu.
Zein dira EAJ-PNBk hurrengo hauteskundeetarako dituen aurreikuspenak? 2008ko hauteskundeetan (udaletarako eta kantonamenduetarako) bozka abertzaleak nabarmen igo ziren. Gorako joera hori, hurrengo hauteskunde hauetan ere islatuko ote da?
Udalerri batzuk daude non indarrak nahiko berdinduta dauden eta dena bigarren hautespen aldian erabakiko da. Hauteskunde hauetan dugun helburu nagusia da Alderdia ikusgarri egitea. Hori da gure helburu handia. Kanpaina egin nahi dugu egon ez garen tokietan, eta herriak ezagutu gaitzan; eta gure presentzia indartu nahi dugu lehendik egon garen lekuetan.
Zeintzuk dira Ipar Buru Batzarrak hurrengo legegintzaldirako dituen helburuak?
Gurea erakunde txikia da oraindik, baina Iparraldean gero eta gehiago hedatzeko asmoa dugu. Ipar Buru Batzarraren helburu garrantzitsua da alderdikide kopurua igotzea. Alderdiaren hautagaiak hiru Herrialdeetan daude, hau da, Iparralde osoan:Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberoa. Jeltzale garen aldetik Iparraldean dugun asmoa azpimarratu nahi dugu. Alderdi demokrata gara eta Iparralde osoaren interesak defendatzen ditugu, gure nortasuna berreskuratzeko, ekonomia indartzeko eta erakundeen aitortza lortzeko . Hautagai eta zinegotzien derrigorra da Alderdiaren balore etikoekin funtzionatzea eta beti Alderdiaren izenean.
Egiten ari garena hasiera baino ez da, baina ematen ari garen urrats hauek, Iparraldeko erritmoan, Alderdiari dagokion tokia emateko helburuarekin ematen ari gara. Konbentzituta nago esparru politiko zehatza dagoela Alderdiarentzat, eta esparru horren bila joan behar dugu. Hori guk landu ezean, beste alderdi batzuek hartuko dituzte. Hau ez da urte batean edo lau urtetan egingo, baina bai etengabe lan eginez eta pazientziarekin. Beldurrik edo lotsarik gabe. Ezin gara konformatu. Ibiliaz ikasten da ibiltzen eta egingo dugun guztiak ekarriko diguna aprobetxatuko dugu. Aurrera egin behar dugu beldurrik izan gabe.
EAJ-PNBk elkargo berezia eskatzen du Euskal Herrirako. Zergatik?
Herrialde elkargoa da toki botere baten bermea. Iparraldeak, Ipar Euskal Herriak ez du tokian tokiko botere zilegi eta demokratikorik, herri honetarako politikak bereganatuko dituena. EAJ-PNBren egitasmoa oso handia da, koherentea eta errealista. Gure proposamenaren funtsean dago Departamentuko eta Erregioko eskumenek hizkuntza, zerga eta mugaz gaindiko lankidetza eskuduntza bereziekin bat egitea. Baina gure egitasmoa urrunegi zihoan Frantziarako eta ezinezkoa izan zen.
Erregio baten eskumen garrantzitsuak dira: garapen ekonomikoa, sustapena, lanbide heziketa, institutua eta erregioko garraioak. Departamentu baten eskumenak dira: gizarte gaiak, errepideak, departamentuko errepideak eta ikastetxeak.
Zer espero dezakegu Parisen aldetik, Parisentzat Iparraldeak garrantzirik ez duenean? Alferrekoa da itxaroten jarraitzea. EAJ-PNBk mugaz gaindiko lankidetza aktibatu nahi du eta Erakunde baten edukia lantzen jarraitu nahi du.
2002 urteaz geroztik, EAJ-PNBk Elkargo Berezitua egiteko egitasmoa defendatu du. Geroago, 2009 urtean hausnarketa sakonagoa egin genuen. Gure egitasmoa zen zeudenen arteko berritzaileena, Departamentua eta Erregioa bateratzea erabakitzen bazen, baina, lanpostu politiko asko daude inplikatuta eta bategite hori gertatzekotan, nora joango lirateke Departamenduko lanpostu publiko horiek guztiak?
Argi dagoena da gure proposamena bideragarria dela, egin egin daitekeela. Etorkizuna du. Bideragarritasun ekonomikoa neurtzeko azterketak egin ditugu eta erabat bideragarria da. Eta guretzat, hori oso garrantzitsua da, hau da, egiten ditugun proposamenak zuhurtasun handiz egiten ditugula, Frantziako Konstituzioaren marko barruan. Eta, ekimen hori Pariseko Magna Carta delakoan sartzen da.
Era berean azpimarratu behar da Hautetsien Batzordeak eta Garapen Batzordeak gure egitasmoa bereganatu zutela,hori ba, azkenera arte iritsi gabe. Departamentu maila batean geratu ziren.
EAJ-PNBk 24 hautagai aurkeztu ditu 16 udalerritan. Zer dela eta proposamen hau? Zer azpimarratu nahiko zenuke?
Aurreko udal hauteskundeetan 9 hautetsi lortu genituen. Oraingo udal hauteskundeetan zerrenda anitzetan parte hartzen dugu. Oraingo honetan inoiz baino hautagai gehiago aurkezten ditugu. 16 udalerritan 24 hautagai aurkezten ditugu eta aurrera egiten dugun arren, argi daukagu lan handia egin behar dugula. Bilatzen duguna da gure presentzia apurtxo bat indartzea eta horrela hiru Herrialdeetan zabaltzea. Urrats honek erakusten du hiritarrengandik hurbil egoteko dugun borondatea. Zuberoan jakin badakigu Alderdia ez dagoela, ez da ezaguna. Kantonaletan ohartu ginen. Ez genuen ezer egin. Orain,lehen aldiz, hautagai bat izango dugu Zuberoan, hori da hazia ereitea. Ereiteko aldian gaude, gero fruituak jasotzeko. Ezer lortzeko hamar urte itxaron beharko ditugu. Gutxienez, bi legegintzaldi beharko ditugu, nolabaiteko eragina izateko. IBB zuzentzeko ardurak neureganatu nituenetik, pentsatu nuen lehena izan zen non gauden, zer garen eta nora joan nahi dugun. Niretzat oso garrantzitsua da Alderdi gisa aurkeztea. Errazagoa izango zen batzuekin edo besteekin joatea, baina hori ez da gure helburua.
Gure hautagaiez bakarrik esan dezaket beren lurra ezagutzen dutela, udalerriaren alde lan egiten dutela, jeltzaleak direla eta jeltzale gisa lan egiten dutela.
Europako hauteskundeei dagokienez, zeintzuk dira EAJ-PNBren helburu nagusiak?
Gure betiko helburuarekin jarraitzen dugu, hau da, hauteskundeetan ere (eta ez da erraza izango Frantzian oso abstentzio altua emango delako) EAJ-PNB ezagutzera eman nahi dugulako. Helburua ez da diputatu bat lortzea, helburu nagusia da Alderdia, hobeto ezagutu gaitzaten, gehiago galdetu diezaguten, Alderdiaz hitz egiteko aukera izan dezagun, zer egin dezakegun eta zer egiten dugun azaltzeko, Alderdia Europazalea delako. Tokian tokiko lana egiten dugu baina europazaleak gara. Europa behar dugu.
Nabarmenak...
BERRIA
2025/10/25
BERRIA
2025/10/16
BERRIA
2025/10/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2025/03/30
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Europako Legebiltzarra
2024/06/07
EBB
2024/03/31

HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS







