Artxibak

2014/04/10

EAJ-PNBren hautagaitza Europako Hauteskundeetan

EAJ-PNB gaur arratsaldean aurkeztu du maiatzaren 25ean Europar Parlamentua aukeratzeko egingo diren hauteskundeetara eramango duen hautagaitza. Iparraldetik zerrendan egongo da Jean Tellechea Urruñarra.

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNBren hautagaitza Europako Hauteskundeetan

ARGAZKIA JAITSI

Andoni Ortuzar EBBko presidenteak erran duenez “ Euskadi, Euskal Herria, Bidasoaren alde bietan zabaltzen den Euskal Herri honek, ordezkaritza sendoa behar du Europar Parlamentuan. Ahots sendoa, Europan gure asmoak, jarrerak eta jokamoldeak argi eta garbi azaltzeko. Gure interesak defendatzeko. Baina baita, beste Europa baten alde egiteko ere. EAJ-PNB da Euskal Herriak Europarako behar duen indarra. Jean Tellechearekin, Izaskun Bilbaorekin, gure interesak ondo babestuta egongo dira. Euskal gizon eta emazteen ahotsa Bruselan eta Estrasburgon entzunen da. Gu gara mugaren alde bietan aurkezten garen bakarrak. Gu gara Herri honen ikuspegi osoa dugun bakarrak " .

Oso hauteskunde garrantzitsuak dira eta EAJ-PNB ilusioz beteta eta konpromiso handiarekin aurkeztuko da “ Bestelako Europa  bat eraiki nahi dugu, ezberdina. Orain, merkatuak dira, interes makro-ekonomikoak dira Europan agintzen dutenak. Elite ekonomiko eta politiko bat dago, hiritarrengandik eta beren kezka eta nahietatik urruti. Europa hurbilagoa nahi dugu. Pertsonetaz arduratuko den Europa, nazio eta herri ezberdinen batura izango den Europa. Behetik gora eraikia,eta ez alderantziz. Subsidiariotasuna nagusi, jendearengandik hurbilen dauden administrazioek botere handiagoa izan dezaten. Europa soziala. Horixe da EAJren eredua. Euskadin oso emaitza onak eman ditu, eta apalik baina sendo esan dezakegu Europara ere eraman dezakegula ".

Ortuzarrek gaineratu duenez "zoritxarrez" ez du ematen " hori denik  Frantziar Gobernu berriak ibiliko duen bidea. Valls presidenteak esan du birzentralizatzeko asmoa duela. Horrek suposatzen du hiritarra erakundeengandik urrunago egongo dela, eta ez direla erkidego naturalak errespetatuko. Guk Euskal Elkargoa aldarrikatzen dugu, Iparraldean, sozialki eta politikoki, pertsona gehienak batzen dituen ideia delako. "

 “Euskalduna izatea da europarra izatea"

Txaro Goikolea EAJ-PNBren Ipar Buru Batzarreko presidentea konbentzituta agertu da "Gaurko krisialdi moral eta ekonomikotik ateratzeko ez dugu Europa guttiago nahi, baizik eta Europa gehiago. Europa batuago bat, norabide bat emanez, proiektu komun eraginkor gehiago, Europar aurrekontu berezi batekin". " Norabide bat emaiteak erran nahi du Europarrek fedea berreskuratuko dutela Europako eraikuntzan, ulertuz zergatik parte hartzen duten abentura horretan.Gure tradizio humanista berreskuratu behar dugu, Giza Eskubideen tradizioa, aurrerakuntzaren tradizioa, zientzien tradizioa, demokraziaren tradizioa. Txinatarrek edo Amerikarrek badakite nor diren eta horretarako beren podere zentrala onartzen dute. Europarrek ere jakin behar dute nor diren podere Europar baten onartzeko. Bai, herri ezberdinak badaude Europan, bainan historia eta tradizio komun luze bat ere daukagu, Europaren proiektuari oinarri sendoak emanez. Europa eraginkorrago bat behar dugu ere, tokiko podereetan oinarrituz. Ez dezagun ahantz federalismoaren oinarri bat: subsidiariotasun printzipioa. Egin hurbilenean eraginkorrena dena. Tokiko podereek indarra hartu behar dute, gero eta gai gehiagotan beren beharra agertzen baita, bai berrikuntza, energia, garraio eta  beste gaietan".

Goikoleak gaineratu duenez EAJ-PNB izango da zazpi herrialde historikoetan aurkeztuko den alderdi politiko bakarra. " Euskal Herri osoan hautagaiak aurkezten ditugun bakarrak gara eta harro gaude gure alderdiaz, harro gaude Euzko Alderdi Jeltzaleaz eta Europan egin duen ibilbideaz. Alderdi demokrata eta abertzalea da Europarako bokazio handiarekin. EAJ-PNB eta Europar Batasunaren aldeko harremana aspaldikoa da oraingo Europa guk nahiko ez genukeena ez den arren". "1933 urte hartan ere, Donostian ospatu genuen Aberri Eguneko goiburua izan zen "Euskadi Europa ", eta hori, faxismoak beren gorenean zeuden garaian. Betidanik Europar eraikuntzaren alde egin duen alderdia gara".

Goikolearen esanetan " Europa gehiago behar dugu tokian tokiko boterea indartzeko. EAJk Europar Batasun Federala defendatzen du, indartsuagoa eta batuagoa defizit demokratiko eta instituzionala hobetzeko". "Alderdi demokrata izanik pertsonen ongizatean eta beraiengan dugun konfiantzan oinarritutako gizarte eredua defendatzen dugu. Gure abertzaletasunak ez du ahazten euskal herriak akordioetara iristeko duen kultura. Atzo Espainiar edo Frantziar Gorteekin, bihar Bruselarekin edo Europar nazioen Batasunaren barruan. Guretzat euskalduna izatea da europarra izatea".

 “EAJ-PNBren hautagaitzak ordezkatzen du gure herriaren aniztasuna"

Bururatzeko Jean Tellechea Iparraldeko zerrendaburuak bere egin du Jose Antonio Agirre, Euskadiko lehen Lehendakariak bere burua aurkezteko orduan esaten zuen "I am Basque" esapidea. " Nahi dugun Europa identifikatzeko. Osatzen duten erregioak kontuan hartuko dituen Europa, Europa batua, etorkizunera irekia". Tellecheak baieztatu duenez “hauteskunde kanpaina honetan" EAJ-PNBk "proposamen zehatzak" egingo dituela

"izpiritu eraikikorrarekin ekonomiaren alorrean zein berrikuntzan, energian, hezkuntzan zein kulturan. EAJ-PNBren hautagaitzak ordezkatzen du gure herriaren aniztasuna".

Tellechearen hitzetan “ Berrikuntza gakoa da gaur aintzina joaiteko gaurko mundu lehiakorrean. Berrikuntzan, tokiko sareak, lantegi, unibertsitate edo ikerketa guneen artean gero eta garrantzi daukate. Iparralde, mugaz gaindiko testuinguru baikorra da maila horretan. Europako aurrekontuaren %50a hazkunde eta enpleguari dedikatua da. Tokiko berrikuntza sare horien sustengatzea lehentasun bat izan behar da, mugaz gaindiko proiektuen fondoan ere horretan dedikatuz. Energi mailan, Iparraldeak egur-energi sektore baten sortzeko posibilitate bat dauka. Beste hainbat proiektu ere bultza daitezke. Horretarako beste tokitan bezala, Europak bultzatzen dituen Tokiko Energi Agentzia bat sor daiteke Iparraldean ".

Europako Alderdi Demokrataren 2024ko Hauteskunde Manifestua
DEMOCRATS - Europako Alderdi Demokrata
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!