Artxibak

2017/06/04

EBBren adierazpena Londresen erregistratu den sarraskiaren aurrean

rss Ezagutzera eman
EBBren adierazpena Londresen erregistratu den sarraskiaren aurrean

ARGAZKIA JAITSI

1- Gure gaitzespenik sendo eta irmoena Londres hirian bart gauean egin den eraso terroristaren aintzinean. Erasoan zazpi pertsona errugabek beren bizia galdu dute. Ez da helbururik ez kausarik ezta federik ere, indarkeria justifikatu dezaketenik, eta berdin dio indarkeria yihadista edo bestelakoa den. Hala erakutsi du Historiak epoka desberdinetan. Euskal hiritargoa horren lekuko izan da sarri. Gure adeitasuna eta hurbiltasuna biktima guztien famili, lagun eta adiskideei. Gure elkartasuna Inglaterrako herritar guztiekin.

2.- Europar Batasuna aspaldi honetan hainbat eraso terroristen eszenatoki izan da eta europarrak bake,askatasun eta demokraziaren erreferente egin gaituzten baloreak indartu eta defenditu behar ditu. Halako basakeriek eragiten duten mina eta amorrua handiak diren arren, gure uste sendoak berresten ditugu eta halako eraso terroristen aintzinean erantzun bakarra dagoela azpimarratzen dugu,hau da, demokrazia, bake eta askatasun handiagoak.

3.- Legearen indar osoak erori behar du hurkoak erailtzeko eta hiltzeko prest daudenengan. Zentzu honetan, ekintza suizida eta indiskriminatuen egileak aurkitzeko eta neutralizatzeko lana zeinen zaila den jakinda, Europako agintariei eskatzen diegu talde eta pertsona hauek ikertzen dituzten inteligentzia taldeen lanak indartzea.

4.- Beharrezko gertatzen da segurtasun alorretik erantzutea, baina inola ere ezin da gainditu legeei eta pertsona guztien eskubideei zor zaien errespetua. Zentzu honetan, beste behin ere, euskal hiritargoari galdetu nahi diogu kolektiboak seinalatzeko edo estigmatizatzeko tentaldian eror ez dadin, ankerkeria horren errudun ez izateaz aparte, zentzugabekeria honen kaltetu nagusiak direlako. Gizarte bidezkoagoa, integratuagoa, gardenagoa eta arrazakeria eta xenofobia adierazpenik gabeko gizartearen alde egitea bakearen eta askatasunaren alde lan egitea da. Lan hori gu guztion erantzukizuna da, pertsonena eta botere publikoena.

5.- Amorruz eta harriduraz beteta aurkitzen garen une honetan, egokia da gogoratzea euskal hiritargoaren gehiengo nagusia, europar hiritargoaren gehiengo nagusia fanatismo eta indarkeriaren aintzinean bakea, askatasuna, demokrazia, hitza eta elkarbizitza aldezten ditugula. Azken finean, basakeria hori irmotasun osoz borrokatu nahi dugula, baina beti gizalegez eta humanismoan oinarrituta.

Pako Arizmendi, IBBren presidentea eta EBBko burukidea

 

Argazkia : Sabin Etxea, Eaj-Pnb-ren aberri egoitza 

Europako Alderdi Demokrataren 2024ko Hauteskunde Manifestua
DEMOCRATS - Europako Alderdi Demokrata
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!