Artxibak
2026/04/02
Senatuak eta Frantziako Eskualdeek euskal autogobernuaren eredua ezagutu nahi dute
Pradales Lehendakariak eredu hau aurkeztu du Senatuan, Frantziako Eskualdeen 10. urtebetetzean. Lehendakariaren arabera, « autogobernua eta ongi izatea, sinonimoak dira ».
Azpimarratu du Euskadiko kasuak erakusten duela autogobernu maila handiagoa izateak herritarrentzako oparotasun eta ongizate maila handiagoa dakarrela, eta ezin dela benetako autogobernu politikorik egon autogobernu ekonomiko eta finantzario eraginkorrik gabe. Era berean, Imanol Pradalesek azaldu duenez, autogobernuak "errealitate zehatz bati erantzun behar dio. Gure kasuan, nortasun nazionala, eskubide historikoak eta legitimitate demokratikoa.
Europan, Euskara ofizializatzeko eske
Lehendakariak euskara hutsean egin du hitzaldia, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoarekin batera, Frantziako Senatutik Europan ofizialtasuna aldarrikatzeko. Horrela, Imanol Pradalesek dei egin dio Frantziako Estatuari Europan euskararen ofizialtasuna babesten, bultzatzen eta defendatzen zuzenean parte hartzera. Ipar Euskal Herrian "ahulduta eta gutxituta" dagoen hizkuntza da, eta Pirinioez bestaldeko hizkuntza ere badenez, Frantziako herrialdearen ondarearen parte da. Imanol Pradalesek, Euskadik bere nortasuna, kultura eta hizkuntza babesteko eta Herri gisa hazteko duen eskubidea gogorarazi du. "Herri gisa Europan dagokigun lekua hartu behar dugu, ahots propioarekin", esan du.
"Euskadi garapen ekonomiko eta sozialaren abangoardian dago, Europako herrialde aurreratuenen mailan. Eta ez da kasualitatea. Zerikusi zuzena du autogobernuak eskaini dizkigun aukerak aprobetxatu izanarekin", azpimarratu du lehendakariak, eta aukera horiei esker Euskadik gaur egun lehiakortasuna eta gizarte-kohesioa uztartzen dituen eredu propioa duela gaineratu du.
"Estado zentralizatuaren eredu klasikoa agortua da"
Hori dela eta, kudeaketa eredu deszentralizatu batek "emaitzak ematen ditu gauzak ondo eginez gero", oreka eta kohesio soziala bermatzen dituelako. "Gobernantza partekatua etorkizuna da, tokikora egokitutako formulen bidez. Estatu zentralistaren eredu klasikoa agortuta dago", berretsi du.
"Argi dugu Europa ezin dela estatuen kluba bakarrik izan. Europak lurralde, eskualde eta nazioen gaitasun guztiak aprobetxatu behar ditu autonomia estrategikoa bermatzeko. Eta horrek aldaketa sakonak eskatzen ditu gobernantzan eta finantzaketan ».
Era berean, Imanol Pradalesek nabarmendu du Regions de Franceko arduradunen aurrean Euskadik eskualde horiekin lan egin dezakeela eta egin behar duela interes komunak daudenean, hala nola Nouvellerekin (Akitaniarekin), Pirinioetako Lan Erkidegoarekin eta Makroeskualde Atlantikoaren bultzada partekatuarekin, besteak beste. Halaber, Euroeskualdearen bidez, herritarren bizitza hobetzeko irtenbide zehatzak planteatzen diren aukera-gune bat.
Era berean, lehiakortasun atlantikoa indartzearen aldeko apustua egin du, mapa ekonomiko berria birdefinitzen ari diren digitalizazioari, trantsizio ekologikoari edo Europako berrindustrializazioari hobeki aurre egiteko.
Iturria : Irekia – Eusko Jaurlaritza
Nabarmenak...
EBB
2026/02/23
BERRIA
2026/02/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2025/03/30
EBB
2025/09/28
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
EBB
2025/03/29

HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS







