Artxibak
2023/09/21
Hauteskunde senatarien hautagaiekin harreman emankorra azpimarratzen du EAJ-PNBk
Bozketa agindurik ez
Buruilaren 24eko igande hontan iraganen diren senatarien hauteskundeetarako bozkatzeko agindurik ez du emaiten EAJ-PNBk. Gure jarrerei emandako erantzunen hurbiltasunaren arabera eta hautagai bakoitzaren ibilbidearen arabera bozkatuko dute Alderdikide eta Alderdizale hautesle nagusiek, bereziki Euskadiri buruz doakion funtsezko gaiak kontutan harturik. Senatari hauteskunde hauek ez dute interes handirik sortu. Hala ere, senatarien eginkizunari garrantzi handia emaiten dio EAJ-PNBk. Zuzenean parte hartzen dute legeen egiteko gogoetan eta bozketan. Senatua ere « lurraldeen Ganbara » da eta Ipar Euskadiren eskakizunak Senadotik pasatzen dira.
4 hautagaien erantzuna, horietan, gaurko 3 senatariak, 11 proposamenei buruz
Departamenduan aurkeztutako 9 hautagaietatik 6 galdezkatu ditugu. Eskuin muturrekoei ez diegu eskakizunik egin, gure balio demokratiko eta abertzaleekin bateraezin direlako. EELV-ri ez diogu ere galdeketarik egin egutegi arazo baten gatik.
5 gai eta 11 legegintza aldaketa proposamenak lehenetsi ditugu, barnetik unkitzen gaituzten gaiei aterabide zehatz eta erabakigarriak emateko nahiarekin (Irakurri gure webgunean: www.eaj-pnb.eus). Lehen 2 gaiak, bizitegia krisiari eta laborantza lur funtsen espekulazioari buruz dira, ondoren, EAJ-PNBrentzat 3 gai nagusi : euskara eta okzitaniera-gaskoia hizkuntz gutxituak, Ipar Euskadiko erakundetze bilakaera eta Hego Euskadirekin harremanak.
Eskerrak eman nahi dizkiegu gure proposamenei erantzuteko denbora hartu duten 4 hautagaiei : gaurko departamenduaren 3 senatariak, hots, zerrendaburuak, Frédérique Espagnac, Denise Saint-Pé, Max Brisson, baita ere Lamarque jauna, Bidartar hautagaia. Hautagaitza komunista barkatu da eta berak proposatu bilkurari erantzun baikorra emanen diogu. Ez dugu LFIren berririk.
Beharrezko bilakaera ikuspegia eta anbizioa Ipar Euskadi eta bere biztanleentzat
Preziatu dugu : Brisson jaunak egindako ekintzen balantzea eta ondoko agintaldirako ideiak, Saint-Pé anderearekin hurbiltasunak eta legezko galdera juridiko zilegiak, Espagnac anderearen ekimen izpiritua, bere oharren zehaztasuna eta azken finean, egiazko ikuspegi hurbilak. Azkenik, adostasun puntuak eta Ipar Euskadi eta Bearnori buruzko mezu bereziak helarazteko gogoa Lamarque jaunaren partez. Orohar, Ipar Euskadi lurraldearen etorkizunaz bilakaera ikuspegi argi bat eta horren gauzatzeko estrategiak, falta agertzen zaizkigu.
Bizitegi krisiari dagokionez, bizitegi merkatuaren kontrol publikoaren aldeko ikuspegi berdintsuak badaude, kontutan hartuz zoin gaizki ibiltzen den, bizitegien jabetzaz ia tokiko menaien % 80a kanpo utziz. Oraiko hautetsiek, ainitzetan oso teknikoak diren ekimen ezberdinetan aritzen dira, baina merkatuaren erregulazioan duten egiazko eragina frogatzekoak dira. Gai konplexu horren aintzinean, EAJ-PNBk anbizioa eta elgarren artean koherenteak diren «eragin handiko neurri batzuen» alde egiten du, lege-eremu egokiena zehaztu behar bada ere batzutan. Laborantza lurren espekulazioaren krisiari dagokionez, SAFER, laborantza arautzeko egiturari, erosteko lehentasun eskubidea eman behar zaio gaur, arazo bat sortzen duten kasu guztietan hedatuz. Neurri hau onartzen dute bi senatari emazteek.
Ipar Euskadiren lurralde eta kultur aitorpenari buruzko gaiak ez dute oposiziorik sortzen. Baina, hautagaien anbizio eskasa azpimarratzen du EAJ-PNBk, engaiatuak badira ere, erakaskuntza gaietan, adibidez. Gure hizkuntzen marko juridiko seguru bat eta hizkuntz politikako eragile gisa, Estatuaren engaiamendu askoz handiagoa lortu behar dira. Bestela, hizkuntzaren berreskurapena ez da gauzatuko. Gure Euskararen Lurralde Estatutuaren aldeko proposamena isilean egoiten da edo ohar murriztatzaileen gaia da, salbu Lamarque jaunaren partez, gai hori sustengatuz. Saint-Pé eta Espagnac andereak bezala, EAJ-PNBk ere dio epe laburrean Euskal Ekargoak aintzinatzen jarraitu behar duela, bereziki, barne kundeantza desentralizatuaren bidez. Hala ere, geroari begira, lurralde honetarako Erakunde berezi baten helburua, argiki bakarrik onartzen du Espagnac andereak.
Harremanak jarraitu behar
Hautagai bakoitzari erantzunen dio EAJ-PNBk eta departamenduko senatariekin elkarrekilako harreman emankorra jarraitu nahi du.
Nabarmenak...
BERRIA
2024/12/05
BERRIA
2024/12/02
BERRIA
2024/11/22
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/03/31
Europako Legebiltzarra
2024/06/07