Artxibak
2024/03/08
Euzkadi Buru Batzarraren adierazpena Martxoaren 8an, Emazteen Nazioarteko Egunean
Martxoaren 8ko Ostirala hontan, Emazteen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu.

Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorrak 1977ko abenduaren 16an erabaki zuen egun hau izanen zela emazteenganako diskriminazio guztiak desagerrarazteko beharra aldarrikatzeko eguna, bai eta beren ahalduntzea sustatzeko eta gizartean beren partaidetza osoa lortzekoa ere. EAJ-PNB osatzen dugunok gaur adierazi eta berritu nahi dugu emazte eta neskatoen eskubideen sustapen eta babesarenganako dugun konpromiso irmoa; gure konpromisoa emazte eta gizonen arteko egiazko berdintasun eraginkorrarekin eta alderdi material eta sinbolikoan, zein balioa neurtzerako orduan, emazteek oraindik pairatu behar duten desparekotasuna desagerrarazteko politika publikoekin.
Emazte abertzaleok sekula ez gara bizi izan gure herri eta hirietan gertatzen denetatik aldenduta. Ez gaur ezta gure ibilbide politikoaren hastapenetan ere. Duela 100 urte luze, EAJ-PNBren baitan, Emazte Abertzale Batza (EAB) sortu zen, penintsulan emazteek eratutako lehen erakunde politikoa. Bere sorreratik, Emazte Abertzale Batzak zeregin esanguratsu eta aktiboa izan zuen aberrigintzaren askotariko arlotan, hala nola hezkuntzan, prestakuntzan, emazteen lidergotzan, literaturan, kulturan eta euskaran. Lidergo, ahalduntze eta partaidetzaren sinbolo gisa, EABk emazteen arteko ahizpatasuna sustatu zuen, emazteon zeregina esparru pribatura mugatuta zegoen garaian, esparru publikorako ateak itxita baikenituen.
1933an Tolosan egin zen Aberri Batzar historikoan, Euzko Alderdi Jeltzaleak bere Aberri Estatutuetan (4. 4rtikuluan) jaso zuen emazteak alderdikidetu ahal izango zirela, emazte eta gizonen arteko eskubide-berdintasuna ezarriz. Hala, EAJ-PNB aitzindari bilakatu zen gainerako alderdi politikoen artean berdintasunaren aldeko borrokan. Nazioarteko komunitateak ondoren jasoko zuen kausa honen aldeko aldarrikapena Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean, non adierazten zen pertsona bakoitzak izan zezakeela bere herrialdeko gobernuan parte hartzeko aukera, zuzenean edo askatasun osoz aukeratutako ordezkarien bidez, berdintasun-baldintzetan egin ere.
Hamarkadak iragan dira harrezkero, eta ebidentziak erakusten digu aurrerapauso handiak eman ditugula, baina baita ere oraindik bide luzea geratzen zaigula emazteen eta gizonen arteko benetako berdintasun eraginkorra lortu arte. Egungo desparekotasun hau da gizarte gisa daukagun erronkarik handienetakoa. Eta erronka honetatik onik eta garaile atera gaitezen, gure ahalegin guztiak jarri behar ditugu balore berdintzaileagoetarako jauzia bultzatzeko, hezkidetza deitzen dugun horretan baliabide gehiago jarriz, zaintza parekidetasunez geureganatuz, berdintasunaren aldeko sentsibilizazioa eta emazteen kontrako indarkeriari aurrea hartzeko lana sustatuz, bereziki belaunaldi gazteen artean.
Martxoaren 8 honetan bereziki azpimarratu nahi dugu zaintzaren gaia. Aitortu behar dugu orain arte nagusi izan dugun ereduak familien eta batez ere emazteen ardurapean jarri izan dituela zaintzarekin zerikusia duten ardurak. Eredu bidegabea da, desparekotasuna biderkatzea eragiten duena. Eta, desparekotasun hori areagoa da emazte migratzaileen artean, lan hauetara dedikatzen diren erdiak etorkinak direlako. Zaintzaren eredu publiko eta komunitariorako bidea egin behar dugu, lidergo publikoan eta erantzukidetasunean oinarrituta.
Zaintza-lana aitortzea dakarren ereduaren alde egiten dugu, bai eta sustatu ere, soldata duina barne, familien zama arinduz -zaintza jasotzen duten pertsonen eta zaintza ematen duten familien aukerakoa izan dadin, eta sekula ere ez inposaketa-, haiei babesa emanez eta kasu bakoitzean erakundeek eta familiak ematen duten zaintza uztartuz eta erantzukizun publikoko zerbitzu eta prestazioak handituz.
EAJ-PNBri dagokionez, emazteen partaidetza aktiboa sustatzen jarraituko dugu, emazteak eta gizonak berdintasun-egoeran egon gaitezen maila guztietan. Emaztearen partaidetza aktiboa ezinbestekoa da berdintasuna lortzeko eta, ondorioz, garapen jasangarria, bakea eta demokrazia erdiesteko ere.
Azkenik, EAJ-PNBren EBB honek gure alderdikide guztiak animatzen ditu Emazteen Nazioarteko Eguna ospatuko dugun Martxoaren 8aren kariaz deituko diren mobilizazio guztietan parte hartzera.
Nabarmenak...
BERRIA
2025/04/30
BERRIA
2025/04/18
BERRIA
2025/04/08
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29