Artxibak
2025/04/13
EAJ-PNBk Bidasoako Aberri Eguna ospatu du Lesakan
Euzkadi Buru Batzarreko presidente izendatua izan zenetik Nafarroan egindako lehen ekitaldian, Aitor Estebanek ziurtatu du “Bidasoa dela gure Herriaren etorkizunaren muina”
“Zuek, Bidasoa ingurukoak, bai Gipuzkoarrak, bai Nafarrak eta baita Lapurtarrak ere, zarete hurrengo urtetako gure burrukaren lehenengo lerroa; hemen dago gure Herriaren etorkizunaren muina, mugak desagertzen ari direlako, baina Herri bat egin behar dugulako oraindik”. Hau da Aitor Esteban EBBren presidenteak aditzera eman duen mezurik garrantzitsuena gaur Lesakan ospatu den Bidasoako Aberri Egunean. Nafarroa, Iparralde eta Gipuzkoako Uri Buru Batzarrek antolatutako topaketa honek nortasuna, historia, hizkuntza, ardurak eta etorkizunerako erronkak partekatzen ditu eta alderdikideen arteko hurbilketa bultzatzeko eta lanean jarraitzeko balio izan du. Ekitaldi politiko honetako hizlari izan dira ere Unai Hualde Napar Buru Batzarraren presidentea eta Ione Fagoaga Lesakako zinegotzi eta burukide nafarra.
Lesakako auditorioan, ehun bat lagunen aurrean, Estebanek mugen inguruko hausnarketa egin ondoren, EAJ-PNVren presentzia aldarrikatu du Nafarroan, eta Alderdiak egindako ekintzen adibide batzuk aipatu ditu: Madrilen EAJ-PNVren akordio bati esker lortutako Trafiko eskumenaren transferentzia edo ekitaldi hau egin den eraikinaren eraikuntza, Euskal Taldeak Estatuko Aurrekontu Orokorrei egindako zuzenketa baten ondorioz. "Batzuek uste dute Nafarroako ordezkari bakarrak direla, baina horiek, UPNk, ez dute forutasuna hitzaz haratago defendatzen", esan du Estebanek. Halaber, EBBko presidenteak adierazi duenez, "Bidasoa da aberri honek gure Herriaren eraikuntzan etorkizunerako duen erronkaren lehen lerroa". Azkenik, eta Euzkadi Buru Batzarrak Javier Ollo burukidearekin Nafarroan presentzia handiagoa duela gogoratu ondoren, Estebanek "EAJ, bere sigla guztiekin, Nafarroan egunero presente” egongo dela adierazi du.
Ione Fagoaga Lesakako zinegotzi eta Nafarroako burukideak nabarmendu duenez, Bidasoaldeko Aberri Eguna da “gure nortasuna aldarrikatzeko eguna”. “Bidasoa da gure aberriaren bihotza, gure hiru lurralde zeharkatzen ditu, baina beti izan da eta da batasun sinbolo bat. Muga politiko eta administratiboek zatitutako herria gara, baina ez dugu ahaztu behar euskal herritarrak garela eta gure eskubideak, gure kultura eta gure hizkuntza, euskara, defendatzen ditugula, gure aberriaren arima direlako. Gaur, inoiz baino gehiago indartu behar dugu denok bateratzen gaituen lokarria, eta elkarren eskutik lan egiten jarraitu behar dugu etorkizunerako bidea askatasunez eta demokraziaz egin dezagun”, azaldu du.
Fagoagak gogora ekarri duenez “historian zehar, Bidasoa ibaia inguratzen duten lurrek erresistentzia-toki izan dira, askatasunaren aldeko borrokarako, demokraziaren defentsarako eta aberrigintzarako gune” eta nabarmendu duenez “iraganeko Garai batean EAJ-PNVko emakume eta gizonek beren bizia arriskuan jartzen zuten mugetan, gerra zibilean eta II. Mundu Gerran askatasuna eta demokrazia defendatzean”, eta bereziki gogoratu ditu Bittori Etxeberria, Itziar Mugica, Delia Lauroba eta Tere Verdes, Alava Sareko emakumeak “itxaropenezko etorkizun baten alde borrokatu ziren eta gidatu behar gaituen ausardia eta konpromiso politikoaren eredu dira”.
Ekitaldian ezusteko omenaldia egin diote José Luis Etxegarai Anduezari, 20 urtetan, 1987tik 2003ra bitartean eta 2015-2019 legegintzaldian Lesakako alkate eta 2003 eta 2007 urte bitartean Nafarroako foro parlamentari izan zenari. Aitor Esteban EBBren presidenteak eta Unai Hualde NBBren presidenteak txapela eta zapi bat eman diote Lesakaren alde eta Alderdiaren alde beti egin duen lana aitortuz eta aintzatespen gisa.
NBBren presidente Unai Hualdek ziurtatu duenez “Joxe Luis garrantzi handiko figura izan da Lesakako hiribilduaren azken urteetako historian”, eta jarraian nabarmendu duenez “Lesakaren eta lesakarren ongizatea jarri izan du beti gauza guztien gainetik, herriaren mesedetan eginiko lana”. “Gizon kementsua, bere herriaren eta Herri honen alde daukan guztia eman duena, gizon ekintzailea, langilea, liderra, esana betetzen duen horietakoa. Une latzenetan, irmo egon zara beti EAJ-PNVren baloreak defendatzeko orduan”, adierazi du.
Nafarroako jeltzaleen buruak ildo beretik gogoratu du Etxegarai dela “zeru-lurrak astindu ohi dituen horietakoa, dela Nafarroako Gobernuaren aurrean, Parlamentuan, Europan,… behar denaren aurrean”, eta irmotasun horren ondorioz, Lesakak gaur ditu herria modernizatzea eta hobetzea ekarri zuten inbertsioak. “Gaur hartu gaituen kultur etxea da, esaterako, Euskal Taldeak Estatuko Aurrekontu Orokorrei aurkeztu zien zuzenketaren ondorio”, zehaztu du Hualdek.
Nabarmenak...
BERRIA
2025/04/18
BERRIA
2025/04/08
EBB
2025/03/30
EBB
2025/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29