Artxibak

2025/04/30

Zaindu ditzagun laborantzako lur funtsak, laborariek zaindu gaitzaten.

Laborarien lur funtsen zainketa ezinbestekoa da Ipar Euskadin.

rss Ezagutzera eman
Zaindu ditzagun laborantzako lur funtsak, laborariek zaindu gaitzaten.

ARGAZKIA JAITSI

Laborari bakotxak lurra beharrekoa du bere lanerako. Abere hazkuntzaile, baratzezain edo lur-lantzaile izan, denek behar dituzte pentzeak, landareak edo eremu aski, beren egoitz eta materialentzat. Bizitegiekin dagoen lur lehiak prezioen igoera dinamika orokorra sortzen du. Laborarien lur horien erosteko gaitasuna arriskuan jartzen da. Laborantza munduaren iraunkortasuna zuzenean zalantzan jarria da. 

EAJ-PNBren engaiamendua

EAJ-PNBk laborantza lurrak lehentasun bezala begiratzen ditu erakunde mailan jarduteko.

EAJ-PNB eta bere ordezkariek, Arbona, Senpere edo Kanboko laborantza lurrak zaintzeko konpromisoa hartu dute, kasu minberatsu batzuetan.

EAJ-PNBk senatari hautagaiei bere proposamenei buruzko galderak egin zizkien 2023ko Irailean.

EAJ-PNBko hautagaiek, azken legebiltzarretako hauteskundeetan, 2024ko Ekainean, beren proposamenak plazaratu zituzten, hauteskunde kanpainaren denbora oso laburrean.

EAJ-PNBk bere jokabide instituzionalaren ildoan jarraituko du : proposamenak, sentsibilizazioa, hautetsi konprometitu eta eragingarriekin lankidetza. 

Norabide onean doan proposamena. Neurri nahikorragoak behar dira

EAJ-PNBk uste du Frantes legebiltzarrean eztabaidatzen ari den laborantza lurren zainketari buruzko lege proprosamenak, norabide onean dagoen aterabide teknikoak eskaintzen dituela.

EAJ-PNBk lehentasunezkotzat jotzen du laborantza Frantziako konstituzioan "interes orokorreko" alorra gisa aitortua izaitea. Horrek, lege mailako indar handiena emango lioke laborantzari neurri nahikorrenak hartzeko, adibidez lur funtsaren gaietan.

EAJ-PNBk SAFERen lehentasunezko erosketa gaitasuna zabaldua izatea ere defendatzen du. Lehentasunezko erospen gaitasun hori mugatzen saiatzen diren kasu guziei hedatu behar zaie, bereziki, bakarrik « abusus » jabetza parzialaren salmentetan.

 

Laborariak, biharko eragile nagusiak

EAJ-PNBk dio laborantza munduaren iraunkortasunari begirada bat eman behar zaiola. Lan-baldintza eta etekin duinik gabe, lanbide honek prekarioa jarraituko du, gizarte mail apalean eta, beraz, mehatxatua.

Aldi berean, laborariek funtsezko zeregina dute eta ukanen dute, gaurko munduan eta etorkizunean: klima-aldaketaren aurkako borrokan eragile garrantzitsuak bihurtzen ari dira, bereziki, karbonoa harrapatzeko, energia berriztagarrien erabileran edo garraioak eragindako kutsadura murrizteko, elikagaien autonomia handituz eta hornidura-kate laburrak garatuz. Kalitatezko produktuak bermatzen dituzte ere bai dastamenean, bai osasun mailan.

 

EAJ-PNBk berresten du laborantza lurren gaia aztertzearen beharra, XXI. mendeko laborarien aldeko engaiamendu finko batean sararaziz.

Denboralea Bahia Blancan. UNIÓN VASCA. Lagun diezaiogun Euskal Etxeari.
Europako Alderdi Demokrataren 2024ko Hauteskunde Manifestua
DEMOCRATS - Europako Alderdi Demokrata