Artxibak

2018/02/02

Ekonomia ituna: Frantziako estatuaren eta elkargoen artean garatu beharreko aterabidea

Ekonomia ituna estatu baten eta lurralde elkargo baten arteko zerga eta finantza harremanak antolatzen dituen baliabide juridikoa da. Tokiko eta estatuko proiektuetan herritarren diru parte hartzea negoziatzeko bidea ematen du. Trantsizio demokratikoaz geroztik, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Espainiako estatuaren artean garatutako proposamena da. Egun, espainiar diputatu gehienek sostengatzen dute. Frantziako estatuak bere lurraldeen zergak erregulatzeko xedea duen garaian, segitu beharreko eredua da.

rss Ezagutzera eman
Ekonomia ituna: Frantziako estatuaren eta elkargoen artean garatu beharreko aterabidea

ARGAZKIA JAITSI

Negoziazio gogorren ondotik, 2017ko azaroaren 23an, Espainiako diputatuen kongresuak ekonomia ituna eta kupoa onartu zituen. Ia aho batez, PP eta PSOE estatuko alderdien eta EAJ-PNB itunaren sustatzaile nagusiaren, hau da, 10 diputatuetarik 9ren sostengatuarekin,  aldeko boza gailendu zen. Ekonomia ituna eredugarria da. Estatuko zerga politikaren arloan, pragmatismoaren isla da. Erregularki, negoziazioaren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Espainiako estatu zentralaren arteko zergak egokitzeko ahala ematen du.

Fiskalitatea (zergak), estatuaren funtzio edo botere gorena den heinean, estatuaren beraren afera da. Espainiako kongresuak zehaztutako lehentasunen arabera, autonomia erkidegoek estatu zentralari zergen parte bat ematen diote. Gero, espainiar elkartasunaren izenean, estatuak zerga horiek berriz banatzen ditu. Baina, EAEko egoera aski berezia da. Erregularki, Eusko Jaurlaritzak ordezkari espainiarrekin penintsula osoari begirako elkartasunezko parte hartzea emendatzea edo apaltzea negoziatzen du. Libertate hau trantsizio demokratikoaren garaian gertatu tratu gogorren emaitza da. Orduan, Pedro Luis Uriarte euskaldunak tratu hau kemenez sostengatu zuen eta katalanek ez zuten aplikatu.

Zergen heina eztabaidatzeko ahalmen hori, Espainiako eta Frantziako estatuetan, beste elkargo batzuek eskatu behar luketen egokitzapen tresna garrantzitsua da. Kataluniako krisiaren arrazoi nagusia ez al da Katalunian sortutako balioaren eta estatu zentralari emandako balioaren arteko trukaketa baldintzen zurruntasuna? Frantziako auzapezen atsekabea ez al da inposatutako zerga arauen ezjakintasunaren ondorioa ?

Lurraldeak finantzatzeko aterabide bat

Euskadirena, Espainiako estatuan, aparteko kasua da. Egun, baina, Balearretako edo Kataluniako diputatuak eredu honi interesatzen zaizkio. Izan ere, interes partikularrak eta kolektiboak hobetsiz, estatuarekin « parez pare » mintzatzeko ahala ematen du. Urkullu lehendakariak « eraginkorragoa, zuzenagoa eta solidarioagoa litzatekeen finantzamendu sistema deszentralizatu berri batera » buruz joateko abantailazko tresna dela dio. 2017ko azaro bukaeran, Frantziako auzapezen elkartearen 100. biltzarrean, Emmanuel Macron presidenteak estatu zentralaren izenean « tokiko zergen sakoneko arraberritzea » iragarri zuen. Erreforma hori, ulertu eta negoziatu ordez, estatuaren aldebakarreko erabaki gisa eta Hexagonoko lurraldeen baliabide bereziak kontuan hartu gabe pairatu dute auzapezek. Inposatzen zaizkien erreformei egokitu behar duten tokiko hautetsien haserre isila eragin du.

Eskualde eta lurralde elkargo desberdinak Ekonomia eta Finantzako ministerioaren mahai inguruan elkarretaratzen eta beren lehentasunen eta beharren arabera zerga ekarpenak negoziatzen ikustea zuzenagoa eta modernoagoa litzateke. Horregatik, Euskadiko ekonomia itunak sustatzen duen metodoa Frantziako lurralde elkargoen zergak antolatzeko eredua izan behar litzateke.

Pako Arizmendi, Eaj-Pnb-ren Herrialde presidentea

 

Europako Alderdi Demokrataren 2024ko Hauteskunde Manifestua
DEMOCRATS - Europako Alderdi Demokrata
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!