Artxibak
2025/09/22
Solemnitate handiz, Parisen ospatu du EAJ-PNBk Marceau Etorbideko eraikinaren itzulketa historiko eta zuzena
Sinbolismoz beteriko ekitaldi batean, Aitor Esteban EBBren presidenteak adierazi duenez Marceau da “Herri baten erresistentziaren sinboloa, faxismoaren eta nazismoaren kontrako borrokarena, deserriratze eta erbestealdi garai batean bizi izandakoa gogoan izatekoa eta, aldi berean, Europaren eraikuntzaren sinboloa”. EAJren Aberri Burutzaren aurreko buru Andoni Ortuzarrek bere aldetik errani duenez “justiziazko ekintza baten aintzinean gaude, memoria eta erreparazio ekitaldi batean”

EAJ-PNB, Marceau Etorbidearen 11.era itzuli da gaur. Solemnitate handiz egin den ekitaldi hunkigarrian, alderdi jeltzaleak ospatu egin du Jose Antonio Agirre lehendakariaren Eusko Jaurlaritza erbestean hartzeko egokitu zen eta nazismoak Bigarren Mundu Gerran konfiskatu eta diktadura frankistari entregatu zion eraikinaren itzulketa historiko eta zuzena.
Eraikineko areto nagusia ttipi geratu da gaur egin den ospakizunean. Alderdikide eta alderdizale jeltzaleekin eta Frantziako euskal diasporako pertsonekin batera, bertan izan dira EAJ-PNBko barne ordezkariak eta euskal erakundeetako ordezkariak, gaurko ekitaldi garrantzitsuak eskatzen zuenaren neurrira.
« Herri baten erresistentziaren sinboloa faxismoaren eta nazismoaren kontrako borrokarena »
Haien artean ere izan dira José Antonio Agirre Lehendakariaren eta Jesús María Leizaola Lehendakariaren familiak eta Marceau Etorbidearen 11.ean dagoen eraikina zaintzen zuen Errazti familiaren ondorengoak; eta Francisco Belausteguigoitia Landaluzerenak; Belausteguigoitia Mexikon bizi zen euskal emigrantea zen, zeinak 1936. urtean EAJ-PNBren diruzain Heliodoro de la Torreri 65.000 dolar bidali baitzizkion, eraikina eros zezan.
Aitor Esteban eta Pradales Lehendakaria izan dira Marceau-ko eraikinaren atetzar urdinetik sartzen lehenak, eta Pradalesek erakutsi du sarreran euskaraz eta frantsesez ondorengoa idatzita duen plaka: “Erbesterapen, askatasun eta demokraziaren ikurra. Agirre Lehendakariak hemen izan zuen abegi. Naziek EAJ-PNBri ebatsia ta 2025ean berreskuratuta”.
Orduan hartu du hitza Aitor Esteban EBBren presidenteak, eta ezer baino lehenago gogoratu du Marceau-ko eraikina “Herri baten erresistentziaren sinboloa” dela, “faxismoaren eta nazismoaren kontrako borrokarena, deserriratze eta erbestealdi garai batean bizi izandakoa gogoan izatekoa eta, aldi berean, Europaren eraikuntzaren sinboloa: eraikin honek sinbolizatu izan ditu Alderdi honen oinarri diren printzipio guztiak, politikan aritzeak merezi egiten duela sinestarazten digutenak”. “Itzulketa hau ez da iraganera bueltatzea, etorkizunerako urratsa ematea baizik. Etorkizuna euskal belaunaldi berrientzat. Beren Herriak deitu egiten diela sentitzen dutenentzat. Hemen dute konpromiso pertsonalaren adibide bat, emulatzea merezi duena, gaurko garai nahasi hauetan”, nabarmendu du.
“ gazteek nahi dituzte autoritarismo garaian EAJk defendatu zituen baloreak »
Aitor Estebanek ildo beretik jarraitu du: “bihotzez ez ginen sekula Parisetik joan, baina gaur fisikoki itzultzen gara eta espero dut antolaketa aldetik ere laster itzuliko garela”, eta berretsi egin du EAJ-PNBk Iparralderekin duen konpromisoa. Halaber, EBBren presidenteak salatu egin du PP-k eta Vox-ek eraikinaren itzulketaren inguruan eragin duten “eskandalua”: “Ez dugu ahaztuko. Erregimen frankistaren ondorengo diren aldetik, hala jardun izan dute”. “Euskadi ez da indarraren bidez eraikiko, trinkotasunaren bidez eraikiko da, hitzekin eta borondate demokratikoarekin. Hori da konbentzitzeko modua. Indarraren bidez garaitzea, porroterako bidea baino ez dakar”, adierazi du.
Aitor Estebanek amaitzeko adierazi duenez “gazteek nahi dituzte autoritarismo garaian EAJk defendatu zituen baloreak: demokrazia, elkarbizitza, adierazpen askatasuna, duintasuna. Konpromesu horretan izanen da beti EAJ-PNB eta bertan izanen dira ere belaunaldi berriak”.
Andoni Ortuzarrek bere aldetik gogoratu du iaz Marceauko eraikin honetan izan zela Europako Mugimendu Federalaren Espainiako Kontseiluaren urteurrenaren kariaz egin zen ekitaldian. EBBren presidente ohiak gogora ekarri du bere diskurtsoan ongi etorria eman ziela bertaratuei “gure etxe honetara”. “Baten bat harrituta agertu zen eta besteren bat atsekabetuta. Baina egia baino ez zen. Orduan bagenekien gure etxea zela, eta gaur hala da legez eta egitez”.
« Justiziazko egintza baten aurrean gaude. Memoria eta erreparazio ekintza batean »
Andoni Ortuzarrek zentzu berean jarraitu du hitz egiten: “justiziazko egintza baten aurrean gaude. Memoria eta erreparazio ekintza batean. Edozein demokrataren gustukoa den horietako bat da". "Francok eta diktaduran izan zituen gobernuek eraikin hau beren garaipenaren ikur bihurtu nahi izan zuten, gure porrotaren sinbolo, euskaldun demokratena. Beren amarru eta okerkeria guztiekin borrokatu ziren, okupatzeko eta eurentzat gordetzeko", gogorarazi du. "Gaurko ekitaldi honek ere balio du horma hauek garbitzeko, nazien, Gestapoko agenteen eta polizia frankistaren agenteen aldetik eragin zen indarkeriaren arrastoak bertatik ezabatzeko, euskal herritar eta demokrata askoren biziak eraman baitzituzten. Horien guztien omenez ere bagaude gaur hemen”, esan du.
EAJ-PNBk, 1936ko Irailaren 12an erosi zuen eraikina
EAJ-PNBk, 1936ko Irailaren 12an erosi zuen eraikina, urte bereko Urriaren 7an lehen Eusko Jaurlaritza eratu aurretik. Gerra zibilaren eta erbestearen aurrean, faxismoari aurre egin zion Agirre lehendakaria buru zuen Eusko Jaurlaritza hartzeko gaitu zen. Nazismoak 1940an Frantzia inbaditu zuenean, nazien armadak eta Gestapok konfiskatu zuten eraikina. Eraikina 1944ko Bigarren Mundu Gerraren ondoren berreskuratu zen, baina Frantziak 1951n berriro eman zien agintari frankistei. EAJ-PNB hainbatetan saiatu da eraikina berreskuratzen, eta 2022az geroztik, Memoria Demokratikoaren Legearen bederatzigarren xedapen gehigarriak atzerrian egindako konfiskazioak itzultzeko aukera ematen du. Horrela, eraikina jatorrizko eta legezko jabeari itzuli zaio. 2025eko irailaren 20an, EAJ-PNB Marceau Etorbidearen 11. zenbakira itzuli da. Egun historikoa da.
Nabarmenak...
BERRIA
2025/10/11
BERRIA
2025/09/26
BERRIA
2025/09/17
Berri ikusiagoak...
EBB
2025/03/30
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Europako Legebiltzarra
2024/06/07
EBB
2024/03/31