Artxibak
2018/02/02
Korsika : tokiko demokrazia moderno baten hautua
Korsikako hauteskundeetan, Gilles Simeonik zuzendutako autonomistek eta Jean-Guy Talamonik zuzendutako independentistek bozen %56,5 eskuratu zituzten. 63 aulkietarik 41 lortu zituzten. Hala, Korsikako nazionalisten koalizioak gehiengo osoa lortu zuen. Orain, Frantziako estatuko alderdiek, zokoraturik, bigarren mailako rola jokatzen dute. Korsikako egoera politikoa arras interesantea da. Eguneroko errealitatearekin zuzenki lotutako hurbileko bizi politikoa ukatearen beharra adierazten du. Gibelera so eginez, tokiko demokrazia bat eraikitzeko, erakunde politikoa eta hedabideak bikotearen garrantzia berresten du.
Demokrazia modernoaren berpiztearen gakoa: erakunde politikoa…
Korsikan, frantziar demokrazia berriz definitzen ari da, ezbairik gabe. Baina, egun, Korsikan tokiko sistema politiko berri bat azaleratzen bada ere, badu 40 urte inguru oldarra hartu zuela, Pariseko agintarien ezagupen instituzionalari esker. 1982 urteaz geroztik, Korsikak erregimen berezia du. Hautesbide proportzional osoan hautatutako Korsikako Biltzarra eta parlamentuaren gehiengotik jalgitako gobernua baditu. Hala, arlo anitzetan eragin dezake. 1991eko Joxe estatutuak berezitasun instituzional hau berretsi eta indartu zuen. Orduan, Korsikako eskualdearen ordez, Korsikako lurralde elkargoa eratu zen. Orduz geroztik, Korsikako Biltzarra hautesbide proportzionalean hautatzen jarraitzen dute, baina, gobernu kontseiluak parlamentua desegiten ahal du. Eredu federaletik hurbilago, Korsikako erakundeak autonomizazio bidean dira. Eskumenen arloan, ingurumena, hezkuntza, kultura, hedabideak eta beste hainbat gai Korsikako lurralde elkargoaren gain dira.
… eta egokitutako hedabideen eraikuntza
1982ko deszentralizazio erreformek tokiko sistema politikoak eta mediatikoak garatzeko bidea eman zuten. 1982an, kontinentean bezala, Korsikan ere eskualdeko telebista kate bat abiatu zuten: France 3 Corse. Orduan, France 3ren estatuko emankizunak hedatuz eta tokiko ekoizpenak gehituz (eguerdiko eta arratseko berri emanaldiak, tokiko emankizunak eta gertakariak), irrati eta telebista publikoaren ereduari jarraiki zitzaion. Baina, 2000ko hamarkadaren hasieran, France télévision-en berregituratze estrategikoaren eta TNTra pasatzearen garaian, hedabideen eskumena zuelako, tantoak atera zituen Korsikak. 2007ko urriaren 30ean, France 3 Corse ViaStella ofizialki abiatu zen. Gaur egun, oraino, Frantziako estatuko telebista numeriko bakarra da. Ildo editorialean, ViaStella telebista kateak informazioa sustatzen du eta artetik eguneroko biziaren tokiko irudikapena eraikitzen du. Pariseko informazio kateak baino hurbilago eta egokiago denez, ViaStellak ikus-entzule gehiago ditu. Astero, frantsesez edo korsikarrez, sei berri emanaldi eskaintzen ditu; beste gisa batez kontatzeko, egunean 21 oreneko programazioa! Eta korsikar ikus-entzule batek telebista egunero 55 minutuz entzuten duela kontuan hartzen badugu, tokiko informazioak ekoiztearen interesa zein den ontsa uler daiteke.
Eta, orain, Euskal Hirigune Elkargoa?
Segur, Korsikak irla bat izatearen abantaila badu. Itsasoz-haraindiko lurraldeak bezala (Mayotte, Martinika, Guyana), estatutu bereziko lurralde elkargo bat da. Baina, ez da hori bakarrik. Epe luzean, irudikapen politikoak eraikitzearen garrantzia erakusten du, hedabideen arloan, bereziki. Joxe estatutuak eskainitako neurri berriek egoera berri hau bultzatu zuten. Biltzarraren lana eztabaidatzeko gai den gobernu bat bere esku izanez, eskualde mailako tokiko bizi politikoa antolatu da. Prentsaz eta irratiaz gainera, telebistak ere hori lagundu du. Telebista kate azkar bati esker, korsikarrak Korsikaren eguneroko bizian proiekta daitezke. Zerrenda nazionalisten arrakastak korsikarrek tokiko politikan parte hartzeko duten gogoa erakusten du. Euskal Herrian, France 3 Euskal Herrik dituen 7 minutuko emanaldiek ez dute hemen jokoan denaren neurria hartzeko balio. Euskal herritarrak beren eskualdean proiektatzeko, Euskal Hirigune Elkargoak tokiko hedabide entitate baten sorrera bultzatu behar du. Gure demokraziaren erronka nagusi bat da.
Pako Arizmendi, Eaj-Pnb-ko Ipar Buru Batzarreko presidentea
Nabarmenak...
BERRIA
2025/10/16
BERRIA
2025/10/11
BERRIA
2025/09/26
Berri ikusiagoak...
EBB
2025/03/30
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Europako Legebiltzarra
2024/06/07
EBB
2024/03/31

HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS







