Artxibak

2018/02/26

« Frantzian eta Espainian diren presoen egoera konparatzea inozoa da »

Presoen egoera hobetzen duten iniziatiba guziak lagundu behar dira, hori argi da. Baina, horiek erranik, ez dira Frantziako eta Espainiako egoerak nahasi behar. Frantzian, presoen eskubideak legearen arabera aplikatuak dira. Espainian, biktimen elkarteek gobernua azkarki hertsatzen dute. Presio honen ondorioz, Espainiako estatuak presoei buruz Frantziakoak baino jarrera gogorragoa du.

rss Ezagutzera eman
« Frantzian eta Espainian diren presoen egoera konparatzea inozoa da »

ARGAZKIA JAITSI

Presoak: Frantziak zuzenbidea aplikatzeko asmoa du, ez besterik

Urtarril erditsutan bakegileek Justizia ministerioan egin bisitaren karietara, Nicole Belloubet justizia ministroak presoen hurbiltzea Frantziako legearen koadroa aplikatuz eginen zela azaldu zuen. Ez da beraz baimen bereziko estatuturik izanen. Orduz geroztik, Justizia ministerioko bozeramaile batek Espainiako agintariekin eraman elkarlana prozedura penalaren kodea aplikatuz kudeatzen dela baieztatu du. Beste gisa erranik, preso diren etakideen egoera ulertzeko irizpide nagusiak presoak kartzelan duen portaera, bere familiaren egoera, bere osasun egoera eta zigorraren iraupena dira. Bakegileen ordezkaritzari hori oroitarazi zitzaion: legea aplikatuz, presoen hurbiltzea posible da. Mugaren alde honetan, ez da horren aurkako traba edo blokeo politikorik jarriko, ez delako presoen aldera salbuespenezko tratamendurik onartuko. Pirinioez beste aldean, berriz, gauzak ez dira hain aise.

Espainiak gai honetan busti behar du

Espainiako estatuan, polizia sistemak eta justizia sistemak politikoen eraginak eta presioak pairatzen dituzte. Azken 30 urteetan Espainian agintean izan diren gehiengo politikoek, gatazkari lotutako elkarte desberdinak - alde batetik biktimen elkarteak eta bestetik presoen hurbiltzearen aldeko elkarteak - beren helburuak erdiesteko erabili dituzte. Elkarte horiek, oraindik ere, Iberiar penintsulako iritzi publikoa azkarki zatikatzen dute. Zauriak hesteko oraindik denbora pixka bat beharko da. Eusko Jaurlaritzak hori ongi konprenitu du. 2013az geroztik, Jonan Fernandezek zuzentzen duen Bake eta Bizikidetza Plana garatu du. Hala, euskal jendartean zaila edo ezinezkoa bilakatua zen elkarrizketa sustatzen entseatzen da. Baina, Juan Ignacio Zoido Espainiako barne ministroak ez ditu gauzak errazten. Bere alderdi politikoaren eta gobernuaren jarrera gogorrari jarraikitzen dio. Frantziako kidearen hitzen aitzinean, « zuhurtasun handiena » eskatzen du. Frankismoaren ondorengo agintarien aldetik, ondorioz, deus berri: Euskal Herriko gatazka agenda politikoan mantentzeko, presoen gaia erabiltzen segitzen dute. Presoen gaiari dagokionez, Espainiak ez du bere jarrera kanbiatzen.

Espainian, presoen gaia gatazka mantentzeko aitzakia da

Indar harreman honetan, Espainiak, espero dezagun etorkizun hurbilean libre egonen diren presoek lehen urratsa egin dezaten nahi du, hau da, egindakoarengatik damua adieraz dezaten. Blokeo egoera horretan, Espainiako estatua satisfos dela ezin uka. Izan ere, hark ez du gatazkari aterabidea atzemateko gogorik. Administrazio espainiarraren eta frantsesaren arteko elkarlan ahulak gorago aipatu deliberamendu eskasa erakusten du. Adibidez, 2001ean atxilotua izan zelarik Iratxe Sorzabal etakideak salatu zituen tortura kasuak aztertzeko, Pariseko dei auzitegia oraindik Espainiako Auzitegi Nazionalaren argibideen beha da. Argibide faltaren ondorioz, Frantziak ez ditu Espainiako agintariek zabaldutako Europako atxilotze aginduak ontzat eman. Tortura edo tratu txarren kasuan, Espainiako justiziak Frantziakoari argibiderik ematen ez dion artean, presoen egoera geldirik egonen da. Gai honetan, Frantziak, ez du baitezpada rol txarra. Ez dio Espainiako gobernuari presiorik egiten, baina, ez ditu estradizio galde guziak onartzen. Gerla zibilaren itzalak oraindik present dituen Espainiako justiziaren eskaerak onartu ordez, informazio gehigarriak eskatzen dizkio.

Frantziak bakegileen galdeak entzun eta ulertu ditu, errespetua eta pedagogia erakutsi du. Espainiako demokrazia gazteak bere burua zuritu eta justifikatu behar du. Horregatik, Frantzian eta Espainian diren presoen egoera konparatzea inozoa eta lañoa da. Espainiak partikularki gai horretan aitzinatu eta busti behar du.

 

Pako Arizmendi,

EAJ-PNBko presidentea

 

Argazkia : Jonan Fernandez (eskuinean), Eusko Jaurlariatzaren Bake eta Bizikizetarako idazkari nagusia, torturari buruzko txoxtena baten aurkezpenean, lan horren bi arduradunekin. (irekia iturria)

Europako Alderdi Demokrataren 2024ko Hauteskunde Manifestua
DEMOCRATS - Europako Alderdi Demokrata
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!