Next Euskadi
Zure iritzia interesatzen daigu!

Artxibak

2019/02/03

Ortuzarrek ohartarazi du “helburua begi bistatik galtzea eta konfiantza gehiegi izatea” direla EAJ-PNVk maiatzeko udal, foru eta Europako Hauteskundeei begira izango duen “oposiziorik handiena”

5.000tik gora alderdikide eta alderdizaleren aurrean, Urkullu lehendakariak argi utzi nahi du BECen bere Alderdiak eta bere Gobernuak ez dutela nahiko jotzen ekonomiaren eboluzio ona eta langabeziak behera egin izana: “Hemen inor ez dago konforme, lanean jarraituko dugu enplegu gehiago eta hobeak lortzeko”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, mezu argi eta zehatza luzatu die gaur Barakaldoko BECen maiatzeko udal, foru eta Europarako hauteskundeetarako hautagaitza jeltzaleak aurkezteko egin den ekitaldian batu diren 950 hautagaiei eta EAJ-PNVko 5.000tik gora alderdikide eta alderdizaleei: ezer ere ez dago egina, garaipena ez dago ziur. “Oposiziorik gogorrena [maiatzaren 26ra begira] dira konfiantza gehiegi izatea eta horren emaitza onak ematen dizkiguten inkesta horiek. Ez itzazue sinetsi, ez ezazue konfiantza gehiegi izan. Hemendik eta maiatzera arte, lan gogorra egin beharko dugu”, esan die jeltzaleen buruak alderdikide guztiei. Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu ditu ekonomiaren eboluzio ona eta langabezia tasaren beherakada, baina argi bezain sendo hitz egin du nahiko jotzen ez dituela esatean. “Ez gara konformatuko. Esku bat daukagu Euskadiko ekonomikan eta beste bat pertsonen beharretan”, baieztatu du Urkulluk, eta gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzak 250 milioi euro proposatu dituela kontu publikoak hobetzeko. “150.000 familia izango dira proposamen horren onuradun”. Izaskun Bilbao Barandica eurodiputatuak ere hitz egin du, minutu batzuk lehenago EAJ-PNVren Aberri Batzarrak Europako hauteskundeetarako zerrendaburu izendatu duelarik. Bilbao Barandicak azpimarratu du jeltzaleen konpromisoa dela Europa “sozial eta gizalegezkoa” eraikitzen laguntzea. Taula gainean 950 hautagai jeltzale egon direlarik ‘Prest!’ izan da EAJ-PNVk udal, foru eta Europarako hautagaitzak aurkezteko ekitaldirako aukeratu duen goiburua. ‘Prest!’ lelopean, talde jeltzaleak euskal herritarrei erakutsi nahi die, beste alderdi batzuk elkarren arteko borrokan edo zerrendak osatzeko prozesu traumatikoetan murgilduta dauden bitartean, EAJ-PNVk muga hura aspaldi gainditu zuela eta une honetan dagoela euskal herritarrei proiektuak eta proposamen ilusio sortzaileak planteatzeko prest.

Ortuzarrek Euskadiren egoeraz hitz egin du, Espainiako estatutik datorren zarataren aurrean entzungorrarena eginez. “Gaur etorri naiz gure liburuaz hitz egitera, eta gure liburu bakarra Euskadi da”, baieztatu du. “Liburu honek orrialde bana dauka Herri honetako herri eta txoko bakoitzeko. Gure etxearen oraina eta etorkizuna jasotzen duten orriak eta kapituluak, XXI. mendeko Euskadi eraikitzera begira. Liburu honen azken orrialdean dago, gainera, Europako Nazio izatea”. EAJko buruak hautagai jeltzale guztiei eskertu die gaur egungo egoeran politikari ‘baietza’ eman izana. ‘Zertarako sartu saltsa horretan?’. Bada, saltsa honetan sartu zarete, saltsa hau gure Herria delako, bizi garen herrien oraina delako eta gure alaba eta semeei utzi nahi diegun etorkizuna”, nabarmendu du. “Argi baino argiago dugulako Euskadik eta bere Herrialde eta Herri bakoitzak mugiarazten gaituztela. Argi baino argiago dugulako, hemen, Madrilen edo Bruselan, lehentasuna euskal agenda dela, gizarte honen interesak. Eta EAJ-PNV horren zerbitzura baino ez dago!”, aldarrikatu du Ortuzarrek, eta alderdikide jeltzale guztiak animatu ditu M-26ko hauteskundeei begira ahal duten guztia egitera. “Aktibo behar zaituztegu, konpromisoarekin, laguntzeko prest eta, behar denean, akuilua sartzeko prest ere bai. Prest behar zaituztegu, inoiz baino gehiago, topera . Ez itzazue inkestak sinetsi, ez ezazue konfiantza gehiegi izan. Hemendik eta maiatzera arte gogor ekin behar diogu: jendeari entzun, beraiekin hitz egin, gizarteari galdetu gugandik espero dutena jakiteko, txarto egiten ari garena edo egin gabe utzi duguna zer den jakiteko”.“Alderdi politikoetan eta politikan sinesten ez dutenak ere gugana erakartzeko. Esfortzuak merezi du, jakina merezi duela!!! Baina, ez hori bakarrik, guztiz beharrezkoa da. Utzikeriagatik edo gure akatsengatik alderdi politikoek uzten dugun tokia populistek hartuko dutelako, demagogoek eta sistemaren kontrakoek. Beraz, ez ezazue konfiantza gehiegi izan eta ez zaitezte lasaiegi egon: lanera , topera, hori delako alderdi honek 124 urtetan egin duena”.

Iñigo Urkulluk bere diskurtsoan uztartu ditu lortutakoak ematen duen harrotasuna eta lortzeko geratzen denak eragiten duen anbizioa. Urkulluk balioetsi du ‘Financial Times’ aldizkari prestigiotsuak Euskadi inbertitzeko erakargarria dela aitortu izana. “Nola lor daiteke horren Herri txiki batek munduan toki bat irabaztea?”, galdetu du, galdera horri erantzuten dioten lau arrazoi eman baino lehen: eredu argia, “Giza Garapen Iraunkorra”, Euskadi eraikitzeko; asmo handiak dituen eta hazi nahi duen Herria, Euskadi Basque Country; konpromiso sendoa ekonomia errealarekin, esfortzuarekin eta kudeaketa zorrotzarekin, hurbiltasuna sektore guztien artean, konpromisoa, berrikuntza eta ekintzailetza; eta kolaborazioa, auzolana, elkarren ondoan lan egitea, estrategia eta helburu berberekin. “Arrazoi horiek guztiak hitz batek laburbiltzen ditu: efizientzia”, esan du.

Herriaren martxa onaren adierazle gisa, Urkulluk azken lau mugarri azpimarratu ditu. “ Aste honetan bertan aliantza bat izenpetu dugu Arasurren, Euskadiko energia eoliko lantegirik handiena eraikitzeko; Nanoguneren hamargarren urteurrena ospatu dugu; Euskadiko ikerkuntza zentro berri bat aurkeztu da; eta Euskadiko ekonomia %2,8 hazi da, 19.000 enplegu sortu dira eta gure helburu handia gero eta hurbilago dugu: langabezia tasa %10etik behera”. Baina, hala eta guztiz ere, Lehendakariak argi eta garbi utzi du EAJ-PNV eta bere Gobernua ez direla aurrerapen horiekin guztiekin konforme geratuko. “Ez gara konforme geratuko. Lanean jarraituko dugu gero eta enplegu gehiago eta hobea lortzeko. Esku bat izango dugu Euskadiko Ekonomian eta beste bat pertsonen beharrizanetan. Aste honetan bertan 250 milioi proposatu ditugu politika publikoak hobetzeko: Hezkuntza, Unibertsitatea, Babes Soziala. Proposamen hauek, gizarte anitzaren errealismoan eta koherentzian oinarrituta, 150.000 familiatik gora izango dira horren onuradun. Konbentzituta nago neurri onak direla pertsonen ongizatea eta bizitza kalitatea hobetzeko. Hauxe da garrantzitsuena”, esan du Urkulluk, denek era berean ikusi ez arren. “ Batzuk ari dira ‘formetan’ nahasten; guk mamiari begiratzen diogu. Eta mamia hobetzeko formarik onena da pertsonei ematen zaien zerbitzua hobetzen dela bermatzea, bereziki beharrizan egoeran daudenei”, baieztatu du Urkulluk.

Europaz eta EAJ-PNVren bokazio europazaleaz hitz egin du Izaskun Bilbao Barandicak, Jeltzaleek Europako Batasun “sozialagoa eta gizalegezkoagoa” eraikitzen laguntzeko egin duen ahalegina azpimarratuz eta helburu hori lortzeko prozedura nabarmenduz: “guztiak kontuan hartuta, lantalde bat garelako”. Alderdikide guztiei berarengan jarritako konfiantza eta berriz ere hautagai aukeratu izana eskertu ondoren, Bilbao Barandicak gogora ekarri nahi izan du jeltzaleek Europa gustuko dutela “Batasun bat delako, borondate ezberdinen batura da. Hori da modernoa eta demokratikoa”, esan du, “zaharrak dira eta zaharkituta daude ‘sententzia kolpez’ lotuta iraunarazi nahi dituzten batasun banaezin horiek”.

Bilbao Barandicak azpimarratu du Europako Parlamentuan eman dituen urteotan lan egin duela “Europa sozial eta gizalegezkoa” eraikitzera begira, “erakundeekin eta hiritarrekin lankidetzan”, eta horren emaitza da “Euskaditik egin diren hainbat proposamen Europako lege bihurtu direla”. Amaitzeko, hautagai jeltzaleak ohartarazi duenez populismoak, begirada laburrak eta demagogiak “aurretik eraman ditu ibilbide bat egin duten eta historia bat izan duten hainbat alderdi”. “Guk”, esan du, “124 urte bete ditugu eta hemen jarraitzen dugu. Horregatik, Bruselan esan ohi digute ‘harkaitza bezain gogorrak zarete’”, eta gogortasun horren gakoak aipatu ditu: “Apaltasuna, xumetasuna, errealismoa, lana, lasaitasuna eta elkarrizketa”.

Next Euskadi
Saltokiak
2017ko Ekainaren 11a eta 18aren Legebiltzarreko hauteskundeak - Programak jaitsi

Les Démocrates Basques
PDE-EDP
ADIERAZPENA
Europa: Krisialditik Itxaropen Berri baterantz. 
Berrantolatzeko garaia.