Next Euskadi
ABIAN Zurekin - Batzar Nagusia

Artxibak

2021/11/15

Azken agurra eman dio Luhusok Ramuntxo Camblongi, Iparraldeko euskal abertzaletasunaren lider eta erreferente historikoari

Andoni Ortuzar eta Peio Etxeleku izan dira bertan, Ipar Buru Batzarraren lider eta euskal kulturaren ezinbesteko erreferente izan zenari azken agurra ematera Lapurdiko udalerrira joan den ordezkaritza jeltzale zabalaren buru gisa

rss Ezagutzera eman
Azken agurra eman dio Luhusok Ramuntxo Camblongi, Iparraldeko euskal abertzaletasunaren lider eta erreferente historikoari

ARGAZKIA JAITSI

Lapurdiko Luhuso herriak eman dio azken agurra gaur Ramuntxo Camblongi Iparraldeko euskal abertzaletasunaren erreferente historikoari. Camblong, 2004ko urtarriletik 2007ko abendura arte Ipar Buru Batzarraren presidente izan zena, Seaskaren bultzatzaile kementsua, Akitaniako Kooperatiben presidentea, Euskaltzaindiako kidea eta Sabino Arana Fundazioko patronoa, iragan ostiralean zendu zen 82 urte zituela. EAJ-PNVren ordezkaritza zabala joan da gaur Camblongen betiko atsedenaren alde egin den hiletara. Jeltzaleen ordezkaritzaren buru gisa joan dira Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidentea eta Peio Etxeleku Ipar Buru Batzarraren presidentea.

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak bere dolumina adierazi du Camblongen heriotzaren aurrean: "Ramuntxo, lehenengo eta behin, abertzalea izan zen. Abertzalea, euskaltzalea, Iparraldeko garapenaren aldeko gizona... baina, gauza guztien gainetik, Ramuntxo pertsona bikaina, pertsona jatorra, pertsona ona izan zen. Utzi digun ondareari, egin zuen lanari, jarraipena eman behar diogu. Hori da Ramontxuri egin ahal diogun omenaldirik handiena". 

IBBren egungo presidente Peio Etxelekuk zera nabarmendu nahi izan du, baita: “gaur ehortzi dugu Ramuntxo, gure presidente izan dena; oso abertzale izan dena. 50 urtez lurralde hau osoki zerbitzatu duena. Aurpegi anitzeko gizona zen, Ramuntxo; irakaslea, zientzialaria, kultur-gizona, lantegi-burua, lantegi-sortzailea, eta politika-agintaria baita ere, lurralde goratzaile eta anitz alorretan exenploa eman du, bereziki, bere gaitasunean gizarte zibiletik politikagintzan eta gizarte zibileko esperientziatik politikagintzan aplikatzeko. Mugaz bi aldeak biziki hurbildu ditu, egunero aurrera eraman dituen proiektuetan. Biziki faltan botako dugu baina badakigu den lekutik, eman duen ibilbidearen bidez, inspirazio iturri izango dela".

Mireia Zarate Euzkadi Buru Batzarreko idazkaria; Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidentea; Maria Eugenia Arrizabalaga eta Joseba Aurrekoetxea EBBko burukideak; Jean Tellechea IBBko idazkaria; Daniel Daraspe eta Gaxuxa Elhorga-Dargains; IBBko burukidea; Pako Arizmendi Ipar Buru Batzarreko presidente ohia; Clotilde Bordenave Ipar Lapurdi Batzarreko presidentea; Claude Olive Angeluko alkatea; Beñat Arrabit eta Panpi Etchegaray, Arrosako alkatea eta alkateordea, hurrenez-hurren; Alain Dubois, Makeako alkartea; eta Koldo Etxeberria Donibane Lohitzuneko Batzarrekoa ere, Luhusoraino joan dira Camblongi azken agurra ematera eta senide eta lagunei beren doluminak adieraztera.

Ramuntxo Camblog Makean jaio zen 1939ko azaroaren 11n. Ingeniaritza Elektronikoa ikasi zuen, lehenik eta behin Parisen eta ondoren Angersen, elektronika, matematika eta fisika irakasle izan zen Asparrenako “Lycée technique” ikastetxean. 1969an Seaska- Iparraldeko ikastolen federakundearen fundatzaileetako bat izan zen.

Iparraldeko lider jeltzale hau Iparraldeko mugimendu kooperatibistaren bultzatzaileetako bat izan zen, Mondragon Korporazio Kooperatibaren ereduari jarraiki. 1974an elkarte bat sortu zuen Iparraldeko harreman kooperatibistak sustatzeko, Partzuer izenekoa. 1986tik 1996ra bitartean Akitaniako Kooperatiben Elkarteko presidente izan zen. Copelec kooperatibaren zuzendari gisa Baionako Merkataritza Ganberaren kontseilari hautetsi izan zen, bai ta Euskal Herriko Garapen Kontseiluko kide eta Akitaniako Kontseilu Ekonomiko eta Sozialeko kide ere (1986 tik 1996ra).

Hainbat kolaborazio lanen egile, euskaraz, Iparraldeko egoera ekonomikoari buruz, Egunkaria, Herria, Lema eta Jakin egunkari eta aldizkarietan. Halaber, Ramuntxo izan zen EKE-Euskal Kultur Erakundearen presidente, elkarte hau delarik Iparraldeko kultura entitateak bateratzen dituen elkartea.

Next Euskadi
Saltokiak
2017ko Ekainaren 11a eta 18aren Legebiltzarreko hauteskundeak - Programak jaitsi

Les Démocrates Basques
PDE-EDP
ADIERAZPENA
Europa: Krisialditik Itxaropen Berri baterantz. 
Berrantolatzeko garaia.