Next Euskadi
Zure iritzia interesatzen daigu!

Artxibak

2022/05/31

Urkullu Lehendakariak euskal autogobernuaren eredua aurkeztu du Korzikako Batzarrean

Korzikako bisita ofizialaren lehen egunean, Lehendakaria Korzikako erakunde publikoetako eta gizarte zibileko ordezkari ugarirekin bildu da

rss Ezagutzera eman
Urkullu Lehendakariak euskal autogobernuaren eredua aurkeztu du Korzikako Batzarrean

ARGAZKIA JAITSI

Iñigo Urkullu Lehendakaria Korzikan egiten ari den bisita ofizialaren baitan, Korzikako erakunde publikoetako eta gizarte zibileko ordezkari ainitzekin bildu da gaur goizean.

70 pertsona baino gehiagok parte hartu dute; besteak beste, Korzikako Biltzarreko 4 talde politikoetako ordezkariak izan dira, baita Kontseilu Betearazleko 11 kide, uharteko 6 parlamentari, Ajaccio, Corte eta Bastiako alkateak eta kontsuletxeetako ganberetako ordezkariak ere. Gainera, Korzikako kolektibitateko organoetako zenbait ordezkari ere izan dira, hala nola CESEC (Korzikako ekonomia, gizarte eta ingurumen kontseilua), Gazteriaren Biltzarra eta Lurraldeen Ganbera.

Korzikako Batzarraren hemizikloan, Aiacciun, egindako ekitaldian, Lehendakariak Euskadiren aurkezpen bat egin du, eta azaldu du Euskadi nortasun propioa duen herria dela, mundu globalean bere espazioa izan nahi duena. “ Ongizate-maila altuak aitortzen gaitu, gure per capita Barne Produktu Gordina Europako batez bestekoaren gainetik dago eta Espainiako batez bestekoa baino % 30 handiagoa da. Era berean, gizartean orekatuta dagoen herrialdea delako, eta pobrezia-arriskuaren eta eskola-uztearen tasak Europar Batasuneko baxuenen artean daudelako. Sustraiak eta hegoak dituen Herria. Etorkizunari konfiantzaz begiratzen diona”, zehaztu du. 

Era berean, autogobernuaren eta Ekonomia Itunaren ildo nagusiak azaldu ditu Urkulluk. “Eredu honek irtenbide politikoa eman diezaioke “lurralde-desadostasunari” eta “estatu-ereduaren krisiari”. Agerikoa da Katalunian, Euskadin eta Espainian gizarte-borondate bereiziak daudela. Estatuari dagokio garai berri hau behar bezala irakurtzea, bere aniztasuna onartzea, eta Estatuaren eredu berri bat planteatzea”, adierazi du. Ildo horretan, Lehendakariak egin duen proposamenak nazio aniztasuna onartzea planteatzen du; aurrera egitea euskal edo katalan errealitate nazionalen onarpen juridiko-politikoan, baita sozialean eta kulturalean ere. “Irtenbide politiko batek aholkatzen du kultura plurinazional hori onartzea, Estatuaren subiranotasunaren birbanaketari ikuspegi konstruktibo batetik egitea, nork bere herriaren identitatearen defentsa erraztea eta, halaber, haren kanpo-proiekzioa”, esan du.

Lehendakariak, bere hitzaldian zehar, behin baino gehiagotan aipatu du “auzolana” filosofia, guztien ongiaren aldeko lankidetza, Euskadiren nortasunaren, tradizioaren eta ibilbidearen parte dena. Ildo horretan, erakunde publikoen eta gizartearen arteko lankidetza eta erronka partekatuen lorpena sustatzera bideratutako politika egiteko modu hori defendatu du. “Krisi globalen garai honetan, konfrontazio-, zatiketa- eta liskar-politikak gibelean utzi nahi dituzten jarrera eraikitzaileak eta positiboak estimatzen eta baloratzen ditut. Estimatzen eta baloratzen dut diagnostikoa partekatzen, etorkizun komuna definitzen, hitz egiten eta pertsonen ongizatearen eta aukeren zerbitzura dauden akordioak lortzen ahalegintzen direnen jarrera. Ondasun komunaren zerbitzura”, adierazi du. Era berean, Giza Garapen Jasangarrian oinarritutako kudeaketa-eredua azpimarratu du.

“Hauxe da Euskadin garatzen saiatzen garen eredua, Korzikarekin dugun harremanean planteatzen duguna. Gure ondare historikoa, nortasuna, kultura eta hizkuntza jaso ditugu. Zaintzea, eguneratzea eta indartzea dagokigun ondarea da, hurrengo belaunaldietara iritsi dadin. Gure helburua eta erantzukizuna da”, nabarmendu du Lehendakariak. Hori horrela, “gure lankidetza-loturak finkatzen jarraitzeko” borondatea erakutsi du, “sorrerako esanahian ulertzen dugun Europa baten esparruan: “Herrien Batasuna”, “pertsona guztien ongizatea” hobetzera bideratua.

Europako etorkizunaren ikuspegiari dagokionez, Lehendakariak nazioarteko erakundeak indartzeko beharra planteatu du, baita Nazio Batuen eta Europar Batasunaren barruko erantzun bateratua ere. Gogoeta hori bat dator Euskadi parte hartzen ari den Europaren etorkizunari buruzko eztabaida irekiarekin. Zehazki, joan den astean “Euskadi Europaren etorkizunari buruzko Konferentziaren aurrean” dokumentua aurkeztu zen.

Iturria: Irekia

Next Euskadi
Saltokiak
2017ko Ekainaren 11a eta 18aren Legebiltzarreko hauteskundeak - Programak jaitsi

Les Démocrates Basques
PDE-EDP
ADIERAZPENA
Europa: Krisialditik Itxaropen Berri baterantz. 
Berrantolatzeko garaia.