Artxibak
2023/11/25
Euskal gizartearen eskutik indarkeria matxista erabat desagerrarazteko lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du EAJ-PNVk
Euzkadi Buru Batzarreko idazkari eta Berdintasun arloko arduradun Mireia Zaratek Sabin Etxean irakurri du EBBk azaroaren 25ean, Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean, onartu duen adierazpena
2023 A-25 - Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna
ADIERAZPENA - 2023/11/25
Argazkiak...
Mireia Zarate Euzkadi Buru Batzarreko Idazkari eta Berdintasun arloko burukideak gaur goizean irakurri du EAJ-PNVren EBBk azaroaren 25a Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren kariaz onartu duen adierazpena. Dokumentuan alderdi jeltzaleak euskal gizartearen eskutik indarkeria matxista desagerrarazteko lanean jarraitzeko konpromisoa eta erabakitasuna berritu ditu. Horretarako, EAJ-PNVren exekutiba nazionalak berdintasun-politiken eta politika feministen garapena indartuko du, etengabeko prestakuntzaren eta erabakiak hartzearen bidez, bai esparru instituzionalean, bai barnekoan, ahalegin eta begirada estrategikoa gazteengan jarriz.
Hauxe da Euzkadi Buru Batzarraren adierazpen osoa:
Azaroaren 25a Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela gogoan, EAJ-PNV osatzen dugun emakume eta gizonok berriro ere adierazi nahi dugu indarkeria matxistaren adierazpen guztiak gaitzesten ditugula, bai eta indarkeria hau gure gizartetik erabat desagerrarazteko helburuarekin euskal gizartearen eskutik lan egiteko gure konpromisoa eta borondate irmoa publikoki berritu ere.
Indarkeria matxista da gizartearen egituretan oraindik ematen den desberdintasunaren adierazpenik krudelena, eta bere aurka egiteko gizarte osoak jardun behar du elkarlanean: erakundeek, alderdi politikoek, hezitzaileek, hedabideek, familiek… Ezinbestekoa da esparru publikotik zein pribatutik denok eredu izatea berdintasunaren kontrako politika populistak gazteen artean errotu ez daitezen. Horregatik, berriz ere azpimarratu behar dugu emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren balioak diskurtso eta planteamendu politiko guztietan sustatu behar ditugula, emakumeen kontrako indarkeriatik libre biziko den Euskadi eraiki ahal izateko.
Gaur egun egokia ere bada, Euskadin zaintzaren politika publikoek esparru publikoan eta komunitarioan gero eta garrantzia handiagoa izan behar dutela azpimarratzeko. Emakumeek izan dezaten zaintzeko ataza beren gain hartzeko edo ez hartzeko erabakia hartzeko eskubidea, bai eta beren burua zaintzeko orduan ere. Berdintasun politikak etenik gabe eraikitzeko prozesu honetan, ezinbestekoa eta saihestezina da gizonak ere kausa honen alde jartzea. Hala izan dadin, baliabideak eta tresnak eskuragarri izan behar dituzte indarkeria matxista eta bere adierazpen guztiak identifikatu ahal izateko.
Teknologiaren aurrerakadak eragin du pornografia gure gizartean nabarmen hedatu izana, eta aurrekaririk ez duen eran egin du gainera, bereziki gazteen eta adintxikien artean. Hori oso kezkagarria izanik, arazorik handiena ez da praktika sexualen irudiak horren erraz ikusi ahal izatea, baizik eta irudi horietan agertzen den indarkeria horren normalizatuta agertzea, masiboki kontsumitzen ari diren pornografia bortitza eta emakumeen kontrakoa delako, estereotipo arrazista eta sexistak proiektatzeaz gain. Alderdi gisa eta Herri gisa onartu ezin duguna da indarkeriaren erabilpena edo emakumeak umiliatzea edo menderatzea praktika sexual normaltzat jotzea, naturaltzat hartzea, ezta sexuaren praktika indarkeriarekin parekatzea ere. Inork ez luke bere burua derrigortuta sentitu behar bere praktika sexualetan nahi ez dituenak egitera. Eskura ditugun baliabide guztien bidez saihestu behar dugu gazteek sexua indarkeriarekin edo emakumeak umiliatzeko praktikekin lotzea.
EAJ-PNVren konpromiso irmo eta argia da berdintasun politikak eta politika feministak indartzen jarraitzea, prestakuntza jarraituaren bidez zein erabakiak hartzeko prozesuetan, esparru publikoan eta instituzionalean zein gure barne-jardueran.
Azken batean, emakumeen kontrako indarkeria prebenitzeko eta gure gizartean desagerrarazteko lanean jarraitzeko konpromisoa berresten dugu, ahalegin eta begirada estrategikoa gazteengan jarriz, gaur egungo belaunaldi hau berdintasunaren belaunaldia izatea nahi eta espero dugulako. Eta hala egin nahi dugu gizartearekin elkarlanean, Berdinaldia, berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzaren aldeko Herri Itunaren esparruan.
Azkenik, gure alderdikide eta alderdizaleak animatu nahi ditugu, bai eta euskal gizarte osoa ere, indarkeria matxistaren kontrako gaitzespena publikoki adieraztera. Urteko egun guztietan egin ohi dugu, baina bereziki egingo dugu gaur, azaroak 25, Emakumeen kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean.
Nabarmenak...
BERRIA
2024/12/05
BERRIA
2024/12/02
BERRIA
2024/11/22
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/03/31
Europako Legebiltzarra
2024/06/07