Archives

31/03/2024

Autogobernurako itun bat eta hiru herri akordio proposatzen ditu EAJ-PNVk berme guztiekin heltzeko Euskal Aberriaren hiru erronkei: trantsizio ekologikoa, digitala eta soziala

Andoni Ortuzarrek, Iñigo Urkulluk, Imanol Pradalesek, Oihane Agirregoitiak eta Bea Berlangak hitza hartu dute gaur jeltzaleek ‘Indar Berria, Euskadi Berria‘ goiburupean jendez gainezka egon den Plaza Barrian egin den Aberri Egunaren ospakizuneko ekitaldi nagusian

rss Ezagutzera eman

TELECHARGER LA PHOTO

TELECHARGER VIDEO

PARTAGER LA VIDEO

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

“Gizarte honek hiru erronka nagusi izango ditu aurrerantzean: trantsizio energetikora eta jasangarritasun ekologikora egokitzea, trantsizio digitalak ekarriko digun iraultza teknologikoarekin bat egitea; eta, etxe barruan, trantsizio sozialari heltzea, gero eta hazkunde demografiko baxua duen gizarte gero eta zaharkitu honek dituen arazoei konponbideak planteatuko dizkion trantsizio sozialari ekitea. Hiru abentura hauetatik ondo ateratzen bagara, Euskadi izango da gaur egun dena, Nazio bizi eta oparoa. Europan izen ona izango du. Eta, hain ondo ateratzen ez bagara, nik ez dakit nongo periferiako auzo ezezaguna baino ez gara izango. Hala da. Eta hala dela pentsatzen dut, gure autogobernuaren etorkizuna, eta Herri gisa beharko dugun autogobernuaren etorkizuna, harreman estu-estua izango duelako hiru trantsizio hauen aurrean izango dugun estrategiarekin. Autogobernua behar dugu, autogobernu maila nahikoa. Horri lotuta behar dugu gaitasun politiko eta ekonomiko nahikoa, hiru erronka horietatik onik atera gaitezen: trantsizio ekologikoa, digitala eta soziala. Eta, horixe izango da EAJk hurrengo urteetan izango duen lan nagusia: gure erakundeetan, Euskadin, Madrilen eta Bruselan: ahal dugun onena egitea Euskadik etorkizunari berme guztiekin aurre egin diezaion, etorkizun konplexua, hori bai, baina aukeraz betea. Eta horretarako, hiru Herri akordio nagusi planteatuko dizkiegu Euskadiko indar politiko eta sozialei, erronka horri auzolanean ekiteko erantzukizunez. Beraz, gure eskua luzatuta dago”.

Hauxe izan da Euzkadi Buru Batzarraren Buruak, Andoni Ortuzarrek, gaur, Aberri Egunaren ospakizunerako EAJ-PNVk deitu duen ekitaldian Bilboko Plaza Barria berriz ere txiki utzi duten EAJ-PNVko alderdikide eta alderdizaleei luzatu nahi izan dien mezu nagusia. Alderdi Egunaren 93. edizioa egin da gaur ‘Indar Berria, Euskadi Berria’ goiburupean, eta ekitaldi politikoan hitza hartu dute EGI-Euzko Gaztediren aberri kontseiluko idazkari Bea Berlangak; ekainaren 9ko Europako Hauteskundeetarako EAJ-PNVren zerrendako buru Oihane Agirregoitiak; apirilaren 21ko hauteskundeetarako jeltzaleen Lehendakarigai den Imanol Pradalesek eta Iñigo Urkullu Lehendakariak. Txalo zaparrada bero eta hunkitua jaso du Iñigo Urkulluk Eusko Jaurlaritzako Lehendakari gisa bizi izan duen azken Aberri Egunean. “Eskerrik asko euskal gizarteari urte hauetan guztietan eskainitako konfiantzagatik. Eskerrik asko herritar bakoitzari, egindako ekarpenagatik eta ahaleginagatik. Eskerrik asko Euzko Alderdi Jeltzalearen familiari eman diguzuen babesagatik”, esan du Urkulluk.

“Ospatzeko eguna da, elkartzekoa, indar berriak hartzekoa, datorkigunari ondo heltzeko”, esan du Ortuzarrek, eta ziurtatu du Euskadik hiru erronka horiei helduko diela “oinarri sendoarekin, berrogeita bost urte luze hauetan landu dugun oinarritik, eta, oso bereziki azken hiru legealdietan Urkullu Lehendakariaren gobernuetan eginikoari esker”. Une horretan entzun da egunak eman duen txalo zaparradarik beroena. Herri akordio horiek proposatzean, EAJ-PNVk 2024ko apirilaren 21ean pentsatuta baino, 2036ko apirilaren 21era begira egiten duela argi utzirik, buru abertzaleak ez du ahaztu nahi izan 21 egun barru Eusko Legebiltzarrerako egingo diren hauteskundeen garrantzia, ezta hurbil ditugula ere. “Gauza oso estu dago, baina irabazi egingo dugu. Kontua da nola eta zenbateko aldearekin. Eta hor, alderdikide maiteok , alderdizaleok, bete-betean zaudete zuek. Hauteskundeak irabazi behar ditugu, baina ondo, eroso… argi eta garbi. Lan egin behar dugu horrela izan dadin. Botoak mugitu behar ditugu, topera. Ematen du asko direla oraindik botoa emango duten edo abstentzioa egingo duten erabaki gabe. Gehienek esan dute joatekotan, botoa ematekotan, Euzko Alderdi Jeltzalearen alde egingo dutela. Eurengana joan behar dugu. Jokoan dagoena azaldu behar diegu. Eta, bene-benetan, jokoan ez dago EAJ Bildu baino gehiago den edo Bildu EAJ baino gehiago den. Ez. Hori sinplekeria baino ez da. Jokoan dagoena da lehen esan ditudan trantsizio horiei Euskadik zer erantzun emango dien. Zer gobernu izango duen, Legebiltzarrean zer indar izango duen, aurrerabide eta ongizate hori bermatzeko. Eta, benetan, ez da berdina gobernu bat edo beste, ez da berdina alderdi bat edo beste. Eta guk uste oso hori eraman behar diegu zalantzan dauden pertsonei: EAJk gobernatzea nahi badute, EAJ bozkatu beharra dago!”.

Ortuzarrek azpimarratu nahi izan du EAJ-PNVren Lehendakarigaiak, Imanol Pradalesek, asteak daramatzala “Euskadi goitik behera zeharkatzen, jendeari entzuten eta gure hauteskunde programa azaltzen, proposatzen ditugunak, neurri zehatzak, zein diren eta zelan ordainduko diren esaten, egin daitekeena eta ezin dena egin”, eta besteren bat “anbiguotasunaren atzetik dabil ezkutuka, boto bakar bat ez galtzeko. Asko hitz egin bai, baina gutxi esan. Posizio bat jartzea eskatzen dietena eta hauteskundeetarako txarto datorkiena? Kutxa barrura. Polemikarik, bat ere ez. Zalapartarik gabe gera dadila dena, jendeak ez dezala pentsatu: ‘Bai aldatu direla hauek! Benetakoa izango al da? Ez ote dute ezkutuko agenda bat izango, euren benetako asmoak jasotzen dituen agenda, gobernura iristean martxan jarriko dutena, Gipuzkoan gertatu bezala?’, galdetu du buru abertzaleak.

Iñigo Urkullu Lehendakariak eskerrak eman dizkio euskal gizarteari bere azken Aberri Egunean Lehendakari gisa: “Gaur ospakizun eguna da niretzat, baita eskerrak ematekoa ere. Eskerrik asko euskal gizarteari urte hauetan guztietan eskainitako konfiantzagatik. Eskerrik asko herritar bakoitzari, egindako ekarpenagatik eta ahaleginagatik. Eskerrik asko Euzko Alderdi Jeltzalearen familiari eman diguzuen babesagatik”. Eta gehitu du: “Auzolan garrantzitsua egin dugu bizi izan ditugun garai zail hauek gainditzeko. Oso egoera gogor eta konplexuak izan dira, eta erakutsi dugu arrazoi nagusi batengatik gaudela hemen: Euskadi”. Eta, apirilaren 21ko hauteskundeei begira, galdera luzatu du Urkulluk: “Zergatik jarri berriz konfiantza Euzko Alderdi Jeltzalean? Euskadi, gaur, nazio garatuagoa da; autogobernu maila handiagoa eta hobea du; zerbitzu publiko gehiago eta hobeak ditu. Euskadi, gaur, ekonomikoki hobeto dagoen herria da, industria- eta enpresa-sare indartsuagoa eta lehiakorragoa du. Gizarte kohesionatuagoa gara, inoiz baino pertsona gehiago ari dira lanean eta kotizatzen. Inoiz baino pobrezia tasa txikiena dugu, eta berdintasun tasa inoiz baino handiagoa da. Bizikidetza ere inoiz baino hobea da”, adierazi du.

Ongizatea helburu izango duen Euskadi bat, munduan ahots propioa izango duena, konprometitua, gizarte berdintzailea eraikitzeko. Horixe da Imanol Pradalesek Euskadirentzat defendatzen duen berdintasuna: “Euskadik derrigorrezko du haztea, ongizatean eta Europako nazio gisa. Eta etorkizunera begira hiru helburu nagusi jasoko dituen agenda batekin egitea proposatzen dizuet”. Bere proposamenaren lehen ardatza da ongizaterako agenda berri bat “gure gizarteak gaur egun dituen eskari sozialak eguneratzeko, konpontzeko eta hobetzeko. Horiek dira etxebizitza, Osakidetza, segurtasuna, hezkuntza, kalitatezko enplegua, zaintza sistema, demografiaren erronka edo transformazio energetikoak. Oso zorrotzak izango gara gure jardunarekin gizartearen eskari hauei politika publikorik onenekin erantzuteko”, ziurtatu du. Pradalesek aipatu duen bigarren ardatza da agenda global berri bat garatzea, zeinak nazioartean herrialde gisa haztea ahalbidetuko baitigu, “jauzi kualitatibo bat emanez munduan eragina duten sare eta nodoetan parte hartzeko, euskal diasporarekin batera nazioartean kokatuko gaituzten euskal sare berriak sortuz, talentua erakartzeko Euskal Estrategia hedatuz, gure garapen sozioekonomikoari bultzada emango dion migrazio-politika garatuz eta Euskadiren nazioarteko proiekzioa foro politiko eta ekonomiko globaletan hobetuz”, azaldu du. Azkenik, hirugarren ardatza agenda humanista berri bat da, “belaunaldien arteko gero eta arrakala handiagoari, lan-merkatuan enplegu on eta txarren arteko dualtasunari, genero-arrakalari, digitalari, hiri-arloaren eta landa-arloaren arteko arrakalari, trantsizio ekologiko bidegabe baten arriskuei edo eremu publikoaren eta pribatuaren arteko desberdintasunei aurre egiteko”, azpimarratu du. “Hori da ongizate mailan hazteko etorkizunera begira daukagun agenda hirukoitza. Eta Euskadi etorkizun hobe batetara eramango duten hiru motorrei eraginez egingo dugu. Lehena, demokrazia gehiago eta hobea. Bigarrena, gure berezitasuna eta gure nortasuna indartzea. Eta hirugarrena, oparotasun inklusiborako eragilea”, ziurtatu du Pradalesek.

Oihane Agirregoitia Europako Hauteskundeetarako zerrendaburu jeltzaleak ere hitza hartu du gaur goizeko ekitaldi politikoan. Izaskun Bilbao Barandica europarlamentariak utzitako lekukoa hartzeko hautagaiak gogora ekarri du EAJk Europaren eraikuntzan izan zuen protagonismoa, eta Alderdiaren konpromisoa berretsi du: “Ikuspegi kritikoarekin, horrek hobetzen gaituelako, europazaleak gara eta izaten jarraituko dugu”. Ildo beretik, gogorarazi du Europan eta munduan gertatzen den guztiak zuzenean eragiten diela Euskadiri eta euskal gizarteari. Beraz, une konplexu honetan ere “Europan egon behar dugu eta borroka egin behar dugu gurea bezalako errealitate nazionalek beren lekua izan dezaten”. Agirregoitiak nabarmendu duenez, “lidergoarekin, elkarlanean eta koordinatuta lortu dugu euskal esentziak, proiektuek eta ereduak aukerak izatea Europan. Bidea irekita daukagu eta beste alderdi europazale batzuen babesa dugu aurrera egiten jarraitzeko”, gaineratu du.

Gaurko ekitaldi politikoari hasiera emateko arduraduna Beatriz Berlanga izan da, Euzko Gaztediko (EGI) Aberri Kontseiluaren idazkaria. Bere hitzaldian agerian utzi ditu Berlangak EAJ-PNVk hainbeste urtetan nazio eraikuntzan lortu dituen aurrerapausoak, eta euskal gazteek gaurko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko dituzten gaitasunak azpimarratu ditu. “Inkonformismotik, erronka horiei guztiei erantzuteko gai izango gara. Formakuntza, lan baldintzak, berdintasuna, emantzipazioa, soldata duinak, kontziliazioa, emakumeen kontrako indarkeria desagerraraztea, gure ingurumena zaintzea… eta beste hainbat. Bagabiz. Batzuetan nahiko genukeena baino mantsoago, baina bagoaz aurrera. Eta gu, euskal gazteria, irtenbide horiek guztiak aurkitzeko bermea gara. Etorkizuna garelako! Euskadiko gaztedi indarberritua garelako!”, aldarrikatu du.

PDE-EDP
Manifeste électoral du Parti Démocrate européen