Archives
29/09/2024
Donostiak hartuko du EAJ-PNVren IX. Batzar Nagusia 2025eko martxoaren 29 eta 30ean
Euzkadi Buru Batzarrak gaur, Forondan, Aberri Batzarrari eman dizkio ezagutzera jeltzaleei lau urterik behin egitea dagokien batzarraren xehetasunak, EBBren presidentea eta zortzi burukideak aukeratzearekin amaituko baita urtarrilaren 20an abian jarriko den prozesua
Forondako zelaietan, gaur bertan 9:30ean egin den topaketan, Euzkadi Buru Batzarrak Aberri Batzarrari azaldu dizkio hurrengo Batzar Nagusiaren xehetasunak, EAJ-PNVk egingo duen bederatzigarrena izango delarik. Jeltzaleen topaketa nagusi hau 2025eko martxoaren 29 eta 30ean egingo da, larunbat eta igandea, Donostian. Martxoaren 30. horretan, beraz, presidentearen eta zortzi burukideren aukeraketarekin, urtarrilaren 20an batzokietan Euzkadi Buru Batzarra berritzeko hasiko den prozesua burutuko da. EBBk, bere presidentearen ahotik, Euzkadi Buru Batzarrak eztabaidara eramateko proposatuko dituen bost agiriak aurkeztu ditu. Agiriok aztertu, zuzendu eta onartu beharko dituzte alderdikideek, EAJ-PNVren idearioaren eguneratzea ekarriko baitute.
EBB berritzeko prozesuaren lehen hautespen aldia urtarrilaren 20tik otsailaren 2ra bitartean egingo da. Alderdikide jeltzaleek beren batzokietan pertsona bat proposatu beharko dute EBBren presidenterako eta sei pertsona burukiderako. Bigarren hautespen aldira igaroko dira gutxienez hiru Uri Erakunderen babesa jasoko duten pertsonak. Bigarren hautespen aldian, otsailaren 10etik 26ra bitartean, alderdikideek berriro izango dute EBBren presidenterako hautagaia eta burukide izateko zortzi hautagai aukeratzeko aukera. Herrialde Batzarrak otsailaren 27tik martxoaren 26ra bitartean egingo dira eta Uri Erakunde bakoitzeko ahaldunek, aginduzko manamendu bidez, beren batzokietan bigarren hautespen aldian aukeratutako pertsonak proposatu beharko dituzte. Era berean, Herrialde Batzar bakoitzaren ordezkariek, aginduzko manamendu bidez ere, Aberri Batzarrean, Batzar Nagusiaren baitan bilduko baita, Lurralde bakoitzean izendatu diren pertsonak bozkatu beharko dituzte. Zentzu honetan, egoki da gogoratzea 100 direla Aberri Batzarrean boto eskubidea duten pertsonak eta hauxe dela, izan ere EAJ-PNVren barne organo gorena. Aberri Batzarraren ordezkariak lurraldeka aukeratzen dira Bizkaiko Herrialde Batzarrean (38), Gipuzkoako Herrialde Batzarrean (19), Arabako Herrialde Batzarrean (18), Nafarroako Herrialde Batzarrean (15) , Iparraldeko Herrialde Batzarrean (5) eta Madril (1), Argentina (1), Txile (1), Mexiko (1) eta Venezuelako Euzkadiz kanpoko erakundeetan.
Ortuzarrek Aberri Batzarrari ezagutzera eman dizkio EBBk jeltzaleei proposatu eta hurrengo hilabeteotan eztabaidara eramango dituzten agiri politikoak. Bost izango dira:
1.- Euskadi, Nazio Europan: Burujabetasuna, Nortasuna eta Helburu politikoak.
2.- Askeago izateko nazio oparoa eraikitzea: Justizia Soziala eta Hiritarren Eskubideen bermea.
3.- Mundu hobe baterako Nazioa, jasangarritasuna zainduko duena, bakean biziko dena.
4.- EAJ-PNV, bere Herriaren zerbitzura dagoen alderdia: euskal herritarrekiko loturak.
5.- Antolaketa demokratikoa, alderdikideek egina eta arina, Euskadik dituen erronka politiko eta sozialei erantzuteko.
Agiri hauen zirriborroak, urrian eta azaroan zehar alderdikideek eurek osatuko dituzten lantaldeetan egingo direnak, EBBk onetsiko ditu eta ondoren, abenduaren 9an, Uri Erakundeetara bidaliko dira, alderdikideen artean aztertuak izan daitezen. Martxoaren 10a izango da ebazpen proposamenak eta jakinarazpenak aurkezteko azken eguna. Azkenik, Batzar Nagusian, martxoaren 29 eta 30ean, behin betiko onetsiko dira agiriok.
Faits saillants...
ACTUALITÉ
05/12/2024
ACTUALITÉ
02/12/2024
ACTUALITÉ
22/11/2024
Les plus populaires...
EBB
27/01/2024
EBB
27/01/2024
EBB
27/01/2024
EBB
31/03/2024
Europako Legebiltzarra
07/06/2024