Archives

03/12/2024

Euskadi Buru Batzarraren agiria Euskararen Nazioarteko Egunean

rss Ezagutzera eman
Euskadi Buru Batzarraren agiria Euskararen Nazioarteko Egunean

TELECHARGER LA PHOTO

2024KO EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA EUSKARA, EUSKAL HERRIAREN IZANA

 

Entzun, euskaldunok! Gaur, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna dakargu geure eta mundu osoaren gomutara. Bai, euskaldunak gara, euskaraz egiten dugulako. Izan ere, euskarak egiten gaitu euskaldun. Euskaldunak garelako gara arabarrak; euskaldunak garelako gara bizkaitarrak; euskaldunak garelako gara gipuzkoarrak; euskaldunak garelako gara lapurtarrak; euskaldunak garelako gara nafarrak, eta euskaldunak garelako gara zuberoarrak. “Gara”; bai, “gara”, bat eta bakarrak. 

Eta horregatik beragatik, arabarrak garelako gara euskaldunak; bizkaitarrak garelako gara  euskaldunak; gipuzkoarrak garelako gara euskaldunak; lapurtarrak garelako gara euskaldunak; nafarrak garelako gara euskaldunak, eta zuberoarrak garelako gara euskaldunak. “Gara”; bai, “gara”, bat eta bakarrak. 

Euskararen Nazioarteko Eguna San Frantzisko Xabierkoaren egunean ospatzen da. Berak eta amak urteetan zehar izan zituzten harremanak gutun-bidezkoak izan ziren. Eta harreman horiek euskaraz gorpuztu  ziren, haien  arteko harreman-hizkuntza euskara baitzen. 

San Frantzisko Xabierkoaren eta haren amaren arteko hizkuntza-harremanek bideratu behar gaituzte gaur egun ere. Haiek ezin hobeto frogatu zuten, mugak muga, arazoak arazo eta oztopoak oztopo, euskaldun iraun zutela haiek euskaraz jarduten zutelako ohiko eta berezko hizkuntza gisa. Orduan familia zen sua, sutondoa eta hauspoa, euskaldunon sua, sutondoa eta hauspoa. Nork bere sua behar du bere burua ondoen eta osasuntsuen berotzeko. 

Gaur egun, badioskute euskara larri dagoela. Egia da. Larri dago. Badioskute ofizialtasuna eta lege - eremua direla arazorik latzenak euskarak bizirik iraun dezan. Egia da: ofizialtasuna eta lege-eremua bidelagun onak dira, baina ez dira nahikoak, euskarak betiren beti iraun dezan. Euskaldunon hauspoa ezinbestekoa da. 

Izan ere, azkenengo gizaldietan euskaldunek ez dute ofizialtasunik, ez lege-eremuen erraztasunik, ez epaileen laguntasunik izan euskaraz jarduteko, baina eutsi egin diote euskarari: zelan? Euskaraz berba eginez; euskaraz hitz eginaz, euskaraz ele eginez, euskaraz mintzatuz. Nork berean, baina euskaldun guztiok  euskaldunokin euskaraz.

Pirinioen alde bietako erdaretan diharduten botere politikoek eta judizialek sekula ez diote erraztasunik eman euskaraz patxadaz egiteari; betiere, euskaldunok, egundaino behintzat, gure artean euskaraz jardun dugu, bai familian, bai lagunartean. Eremu horietan ez dago atzerri-herrietako botereen  eraginik. Euskaldunok euskaraz badihardugu geure artean, guri bost bestek zer dioen. 

Entzun, euskaldunok! Onartu dezagun geure erantzukizuna: ez dezagun egotzi erantzukizuna besteen lepora. Ez dezagun itaundu ea zer egingo duten instituzioek euskararen alde. Egin dezagun euskaraz. Ez diezaiogun inori konturik eskatu. Egin dezagun euskaraz. Geure herriko udaletxean euskaraz egin ahal izatea beharrezkoa da; are garrantzitsuagoa da, kanpora irtenda, lagun euskaldunon artean euskaraz egitea. Egin dezagun geure esku dagoena: egin dezagun euskaraz. 

Gure aurrekoek euskara eskuratu ziguten euren artean euskaraz jarduten zutelako aukera zuten guztietan. Gure aurrekoak geure ereduak izan ziren. Euskaraz jarduten zuten euren artean eta euren seme-alabekin eta euren gurasoekin eta gainontzeko senitartekoekin, eta lagunekin ere bai. Euskararen geroratzea bermatu egin zuten. 

Entzun, euskaldunok! Euskaldunak gara euskaraz dihardugulako. Euskaraz jardun beharrean, euskaraz jakin arren, erdaraz badihardugu, euskara ezkutatu, ostendu, lekutu, desagertu egiten dugu, kanpoko inoren  eragin  barik. Guk geuk bakarrik baztertzen  dugu  euskara, erdaraz dihardugun bakoitzean. 

Bai, euskara larri dago, batez ere euskaldunok ez dugulako haren transmisioa erabat gertarazten. Gizaldietan zehar euskaldunok ez dugu izan botereen laguntasunik, ez dugu agintean zeudenen babesik jadetsi, baina gure artean euskaraz jarduten izan dugu, eta horrexegatik iraun du euskarak egundaino: euskaldunok geure artean euskaraz egin dugulako.

Euskara geroratzeko, belaunaldi berekoen artean erabili behar dugu euskara, ondorik datozen belaunaldikoek berdin joka dezaten. Ez da nahikoa seme-alabei euskaraz egitea, seme-alabengan eragin dutenek euren artean euskaraz jardun behar dute ohikotasunez, patxadaz eta hizkuntza- baliabide guztiak erabiliz, bestela, maingu, koxu, herren ibiliko da euskara. 

Entzun, euskaldunok! Baldin eta guk geuk euskaraz egiten ez badugu, ez du beste inork egingo. Euskarak egiten gaitu euskaldun, eta, euskaldun iraun nahi izanez gero, euskaraz jardun beharko dugu, inori konturik eskatu  barik, geure buruari erantzukizuna ezarriz, ez beste inori leporatuz. 

Entzun, euskaldunok! Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik. Inork egin dezakeenaren ardurarik hartu beharrean, egin dezagun geure artean euskaraz; hori bai, hori gure esku dago.

 

Manifeste pour les élections de 2024 du Parti Démocrate Européen
DÉMOCRATES - Parti Démocrate Européen